EKOETXEA URDAIBAIK “DASTATU URDAIBAI” EKIMENA ABIAN JARRI DU TOKIKO ETA SASOIKO PRODUKTUEN KONTSUMOA BULTZATZEKO

Ekoetxea Urdaibaik, “Dastatu Urdaibai” ekimena abian jarri du gaur Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuaren Bulego Teknikoarekin, Urremendi Landa Garapenerako Elkartearekin eta Urdaibaiko tokiko ekoizleekin elkarlanean

Ia urtebetean zehar garatuko diren gastronomia eta kultur esperientzia ugari biltzen dira bertan Dagoeneko eskuragarri daude hemendik eta urte amaiera arte egingo diren hamarretik gora esperientzia, eta hemen kontsulta daitezke: https://ekoetxea.eus/dastatu-urdaibai/. Urritik abendu bukaera arteko lehen esperientzia hauek, aukera ematen dute hainbat ustiategi eta erakusketa doan bisitatzeko, eta baita besteak beste gastronomia tailerretan eta produktu dastatzeetan parte hartzeko.

Herritarrei erreserban bertan ekoitzitako sasoiko produktuen berri ematea, ekoizleak ezagutzera eman eta beraien lana balioan jartzea, herritarrak eta ekoizleak kontaktuan jartzea, eta produktuak zuzenean eta bitartekaririk gabe eros ditzaten da proiektu honek bilatzen duena. Erreserban bertan, elikagaien kontsumo globalaren ereduari aurre egiteko sortu da, izan ere azken honen ekoizpena eta banaketa jasangarritasunerako arazo izaten dira askotan. Azken urteotan, hurbileko produktuen eskaria handitu egin da, herritarrek beren osasunean, tokiko ekonomian eta ingurumenean dituzten onurei buruzko ezagutza dutelako. Horrela, banaketak eragindako karbono-aztarnaren murrizketa, hotz-kateak eta kontserbatzaileak saihestuz lortzen den balio gastronomikoa, edo ekoizle txikiei laguntzea bezalako elementuek gero eta pisu handiagoa dute erosketa-saskian. Zentzu honetan, “Dastatu Urdaibaik” elikadura eredu arduratsuago bat zabaltzen lagundu nahi du, lurraldeko produktuen aberastasun, aniztasun eta kalitate ikaragarriari balioa emanez. Horretarako, bertako ekoizleen eskutik, osasungarriak diren kalitatezko elikagaiak lortzeko egiten duten lana erakutsiko da.

Esperientzia horien guztien helburua da tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzea, lurraldeko nekazaritzako elikagaien aberastasun, aniztasun eta kalitate izugarria balioestea, eta kontsumitzaileak ekoizleen eskutik jakin ahal izatea nola gauzatzen diren kontsumitzen dugun azken produktua lortzeko prozesua eta praktikak, eta zer diferentzial ematen duten. Horrek kalitate handia eta onurak dakartza gure osasunerako.

Lankidetza-proiektu hau garatzeko arrazoiak, zentroak pertsonengan modu jasangarriagoan jarduteko modua aldatzeko duen misioaren ildotik, honako hauek dira:

  • Tokiko ekonomia sustatzea. Tokiko ekoizleei zuzenean erosita, garapen iraunkorra eta tokiko ekonomia sustatzen dira, eta familia askorentzat lana sortzen da.
  • Ingurumena zaintzea. Tokiko eta sasoiko elikagaiak kontsumitzen direnean, karbono-aztarna txikiagoa sortzen da, banaketa- eta garraio-katea nabarmen murrizten baita.
  • Osasuna eta ongizatea hobetzea. Bertako eta sasoiko produktuak freskoagoak dira eta zapore handiagoa dute. Izan ere, une egokian biltzen dira, elikagai guztiak mantentzen dituzte, eta ez dira artifizialki mantentzen hotz-ganberetan. Gainera, produktua nondik datorren eta haren prozesua hasieratik amaierara nola egiten den zehatz-mehatz ezagutzen da.

Ekoetxea Urdaibai, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sarearen parte da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du.

Otras :