Aurtengo urrian, Ekoetxea sareko bost zentroak gainezka bete dira, konpromisoz eta giro biziz eta onaz, Klimaren aldeko ekintza-jaietan. Proposamenak 1.200 lagun baino gehiago bildu ditu, guztiontzat den helburu baten inguruan: eguneroko kontuetatik abiatuta aldaketa abiaraztea.
Jai horiek Ekoetxea Erronkaren parte dira. Planetaren aldeko sentsibilizazio-kanpaina handi horrek herritarren 10.000 konpromiso batu nahi ditu. Era berean, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea den ASTEKLIMAn sartuta daude, eta lurralde osoan milaka lagun mobilizatu dituzte honako goiburu honekin: “Ekintza orok, apurra izanagatik, eragina du”.
Eta zer gertatu da, ba, Ekoetxean? Bada, bi asteburutan, Urdaibai, Txingudi, Meatzaldea, Azpeitia eta Añana-Sobrón benetako topagune bihurtu dira, ingurunea zaindu, eta aldi berean jostatu nahi dutenentzat. Zentroak energia positiboz eta jardun-gogoz bete dira, sormen-tailerrak, interpretazio-ibilbideak, jolasak, ikuskizunak, azoka jasangarriak, erronka kolektiboak eta solasaldi inspiratzaile ugari antolatu baitira.
Ekoetxe bakoitzak bere nortasunez diseinatu du bere jaia, baina guztiek izan dute funts bera: herritarren konpromisoa ospatzea, eta erakustea aldaketa keinu egiazkoekin hasten dela. Sasoiko produktuekin janaria ontzea bateko, klimaren aldeko horma-irudiak sortzea besteko, eta ingurumen ginkanak, haurrentzako ipuin-kontalariak, poltsa eta oihal zaharrak berrerabiliz biziberritzeko tailerrak zirela-eta, era askotako jarduerak eta lagunak bildu dira.
Bizi izan den giroa izan da denetan onena. Jakin-mina zuen jendea, ikasteko gogoa zuten familiak, gazte inplikatuak, aurrenekoz etorri eta gehiago jasotzeko gogoz joan diren pertsonak. Gogo bizia, komunitatea eta itxaropena usnatzen ziren airean.
Eskerrik asko bertaratu zareten guztioi, parte hartu duzuenoi, galdetu duzuenoi, partekatu duzuenoi. Zuek zarete aldaketaren motorra. Eta kontua ez da horrekin amaitzen: konpromisoak biltzen jarraituko dugu, herritar aktiboak akuilatzen, eta Euskadi jasangarriagoa eraikitzen, bertatik jardunez eta alai. Laster emango dugu Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen berri. Ekoetxea Erronkaren barruko hurrengo hitzordu esanguratsua izango da, eta Ekoetxea zentroetatik herritarren konpromisoa sustatuko dugu.
Egingo al duzu urratsa? Egin bat erronkarekin https://ekoetxea.eus helbidean, eta izan zaitez etorkizuna eraldatuko duten 10.000 konpromisoetako bat.