Ekoetxea Sareak bat egin du ingurumen hezkuntzaren munduko egunaren ospakizunarekin, euskal herritarrak klima aldaketaren aurka mobilizatzeko

  • Euskal biztanleen %90ek uste dute klima aldaketa hementxe dugun errealitate bat dela.
  • Eta euskal herritarren %80 baino gehiago kezkatuta daude ingurumen arazo horrekin.
  • Ingurumen Hezkuntzaren Egunarekin bat etorriz, Ekoetxea Sareak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatutako “Euskadin Ingurumen Hezkuntza Bultzatzeko Jardunaldian” parte hartuko du.

Urtarrilaren 26an, Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna da, hots, gure ingurumena babesteak eta kontserbatzeak duen garrantziaz kontzientzia hartzeko eta erronka honi aurre egiteko herritarrek duten zeregina gogoratzeko eguna.

Euskadin energiari eta klima aldaketari buruz herritarrek duten pertzepzioari buruzko azterlanaren arabera, euskal biztanleen %90ek uste dute klima aldaketa gertatzen ari dela eta %80 baino gehiago kezkatuta daude ingurumen arazo horrekin. Klima larrialdiari aurre egiteko kezka zein arlo horretako ezagutza eskaria gero eta handiagoa da, ingurumen inpaktuak gero eta nabarmenagoak baitira. Erronka horretan, ingurumen hezkuntza herritarrei laguntzeko funtsezko tresna bihurtzen da.

Ingurumen hezkuntzak erronka handiei egin behar die aurre gaur egun, hala nola, informatzen eta sentsibilizatzen duen hezkuntza batetik beste hezkuntza eredu batera igarotzea, hots, aldatzeko ekintzen inguruan erabakiak hartzeko duen ahalmenaren bidez herritarren inplikazio handiagoa lortzeko ekintza sustatuko duen hezkuntza eredura. Bere jarduera hezkuntza modalitate guztietan hedatzea (formala, ez-formala eta bizitza osorakoa), publiko zabal eta unibertsal bati zuzenduta.

Espazio parte hartzaile eta esperientzial gehiago sortzea, hor parte hartzen duten pertsonengan eragina izango dutenak eta jokabide berriak, jasangarriagoak, sustatuko dituztenak.

Gizarte bezala etengabeko erronka daukagu garapen ekonomikoa eta ingurumen babesa zein hobekuntza uztartzeko orduan; beraz, ezinbestekoa da gure ingurune naturalarekin berriz konektatzea eta hura lehentasun gisa baloratzea. Gizakirik gabe natura egon egongo da, baina ez alderantziz. Horregatik, ingurumen hezkuntza inoiz baino beharrezkoagoa da, ezagutza eta ikaskuntza etengabe bultzatzeko ez ezik, baita parte hartzeko eta inplikatzeko aukera emateko ere. Paradigma aldaketa horrek gizarte bezala bilakaera ekarriko du aurrea hartzeko orduan; izan ere, beharrezko ezagutzak, balioak, portaerak eta trebetasunak geureganatu beharko ditugu, eta ingurumen arazoei aurre egiteko modu arduratsuan jokatu.

Gobernuen eta administrazioen arteko akordioa dago mundu osoan, honako hauen bidez trantsizio ekologikoa gauzatzeko: Garapen Jasangarriko Helburuak,, Euskadiko Itun Berdea, etab.Horrenbestez, hainbat mekanismoren bidez enpresetan eta gizartean eragitea da asmoa. Hala ere, herritarrek ez dute informatuta eta sentsibilizatuta egotera mugatu behar; gure eskala barruan pauso bat harago eman behar dugu. Itxuraz erraza dirudi erantzunak: konpromisoen bidez inplikatzea, keinu jasangarrien bidez.

Ekoetxea Sareak ingurumen hezkuntzan duen zeregina: eragiteko inspirazio iturri izatea.

Ekoetxea Sarea aldaketaren eragile izateko hautagaia da, eta bere funtsezko misioa pertsonen parte hartzea eta inplikazioa sustatzea da, guztioi dagokigun erronka handienetako bati aurre egiteko: 2030erako berotegi efektuko gasen emisioak erdira eta 2050erako zerora murriztea.

Zentro propio, elkartu eta kolaboratzaileen Sarea osatzen duten 40 profesional hezitzaile baino gehiagoren bidez, ingurumen hezkuntzari dagokionez, helburu espezifikoak honako hauek izango dira:

  • Tokiko ingurumen arazoen ezagutza sustatzea, errealitatea modu nabarmenagoan ulertzeko aukera emateko; eta, gero, arazo globalagoen ezagutza sustatzea.
  • Pentsamendu kritiko eta eraikitzailea sortzea, analisira, balioak estimulatzera eta jokabide jasangarriagoetara eramango gaituena.
  • Parte hartze eta erantzukizun kolektiboa sustatzea, irtenbidea bilatzeko ezinbestekoa baita gobernu eta erakunde publikoen, entitate pribatuen eta, jakina, herritarren inplikazioa.

Ingurumen Hezkuntza berritzen

Ekoetxea Ingurumen Zentroen Sarean uste dugu ingurumen hezkuntzak eraldaketa sozialerako motorra izan behar duela, hau da, gizartean aldaketa kulturala sustatzen duena, aurre egin behar diegun ingurumen erronkak barneratzen laguntzeaz gain, gure ohiturak eta jokabideak aldatzen lagunduko diguna, jasangarriagoak izateko, egungo ingurumen arazoak minimizatzeko eta atzetik datozen belaunaldiei oinordetzan mundu hobea uzteko.

Badakigu hezkuntzan eta gizartean aldaketak egitea ez dela erraza eta, horregatik, gure ustez, berrikuntza funtsezkoa da dibulgazio kanpainetatik haratago herritarrekin konektatu ahal izateko. Baina nola jarri praktikan?

  • Lehenik eta behin, gure publikoaren, herritarren, behar eta itxaropenei erantzungo dieten zerbitzuak eta esperientziak diseinatu beharko dira. Horretarako, eraldaketa digitalaren berezko joerak aplikatuko ditugu, hala nola bezeroaren bidaia eta zerbitzuen diseinua, gure entzuleen gogobetetasuna bermatzeko eta balioa etengabe sortzeko.
  • Irakaskuntza metodologia berriak ezartzea: erakargarriagoak; arreta, ezagutzen lorpena eta inplikazioa hobetzen dutenak; eta pentsamendu kritikoa sortzea, interpretatzea, asmatzea, esperimentatzea eta eboluzionatzea bilatzen dutenak. Besteak beste, gamifikazioa, edutainmenta, ikasgela inbertituak, online/offline metodo hibridoak, ikaskuntza kooperatiboa (proiektuetan eta soluzioak emateko arazoetan oinarritutakoa) eta design thinking, sormena sustatzeko.
  • Harreman Eredu Berriak, izan teknologiaren bidez, hainbat kanaletatik irisgarritasuna eta erabilgarritasuna errazteko, edo izan murgiltze esperientzien bidez, non gure publikoekiko harremana ez den soilik une espezifiko batera mugatzen, baizik eta aurreko harremana, bitartekoa eta ondorengoa izango dituen.

Horregatik guztiagatik, Ekoetxea Sarea etengabeko bilakaeran dagoen organismoa da, herritarrei laguntzeko ingurumen hezkuntzaren, trantsizio ekologikoaren eta energetikoaren bidez egiten duten apustuan eta konpromisoan. Aurki, 2022an egindako eraldaketa prozesua azalduko duen dokumentu bat argitaratuko du Sareak, eta hor zehaztuko ditu identifikatutako erronkak eta antolatuko ditu asmo berri horretara bideratutako soluzioak.

Bihar, urtarrilak 26, osteguna, Ingurumen Hezkuntzaren Egunarekin bat etorriz, Bizkaia Aretoan (Bilbo, EHU), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatutako “Euskadin Ingurumen Hezkuntza Bultzatzeko Jardunaldia” egingo da, Ekoetxea Sarearen partaidetzarekin.

Comparte:
Otras :