Ekoetxea Meatzaldeak hezkuntza eskaintzarako aukera gehiago ditu, erabiltzen ez ziren tokiak egokitu ondoren

Ekoetxea Meatzaldea ingurumen hezkuntzako zentroak etapa berri bati ekingo dio, azken zortzi hilabeteetan Gallartako egoitza egokitzeko lanak amaitu ondoren. Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen duen azpiegitura horretan egindako konponketekin, eraikinaren azalera handitu da eta azkenean eraikinak 300 m2 ditu, klima aldaketaren aurrean euskal herritarren eraldaketa ekosoziala bultzatzea helburu duten esperientzia berriak eskaintzeko.

Abanto-Zierbenan dagoen zentroa berregokitzeko proiektuak eremu hauek moldatu ditu: ‘aterpe’ espazioa, kanpoaldean estalita dagoena; aldi baterako erakusketetarako gela, sotoan dagoena; eta goiko solairua, orain balio anitzeko gela bat duena zentroaren jardueretarako. Egindako obrekin zeuden espazioak birformulatu ahal dira, eta orain arte erabiltzen ez ziren eremuei beste funtzio bat eman ahal zaie. Azken emaitza izan da proiektua idaztean hasieran aurreikusi ez zen lekua gehitzea. Horrela, gainera, Concha II meategiaren sarreran, Bizkaiko burdinaren azken ustiategi eta eskualdearen meatzaritzaren iraganaren aztarnaren sarreran, eraikitako eraikin enblematikoaren espektatibak eta aukerak gainditu dira.

Azaldutako hobekuntzei esker, Ekoetxea Meatzaldeak bere espazioak birfomulatzeko prozesuari ekin dio, zeinaren bidez sortutako espazioei funtzio berriak eman baitizkie. Horrela, balio anitzeko aretoak etorkizuneko erabileretarako altzariak eta ekipo teknologikoak izango ditu, sotoa aldi baterako erakusketa berriak hartuko dituen espazioa izango da, eta ‘Aterpe’ gunea beste baliabide bat izango da eta eskoletatik bisitan datozenen egonaldia hobetzen lagunduko du, aisialdirako gune baten bidez.

Prozesu eredugarria

Ekoetxea Meatzaldea handitzeko proiektua epe luzerako ingurumen jasangarritasunari laguntzen dioten ingurumen irizpideek gidatu dute. Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarearen konpromisoak eskatzen du baliabideak modu efizientean erabiltzea, aztarna ekologikoa murriztea eta ingurumena errespetatzen duten praktikak sustatzea. Horren ondorioz, espazio publikoak ingurumen irizpideekin diseinatzeak airearen kalitatea hobetzen, isuri kutsatzaileak murrizten eta aireztapen sistema egokiak sustatzen laguntzen du, eta horrek zuzenean mesede egiten dio parametro tekniko horien arabera eraikitako espazioak erabiltzen dituztenen osasunari. Hala, proiektuan honako elementu hauek sartu dira: argiztapen naturala edo kontsumo txikiko argiak; material autoktonoak, ekologikoak, birziklatuak eta %100 birziklagarriak, hala nola egurra; disolbatzailerik gabeko pinturak; eta igorpen txikiko beirak.

Energiaren arloan, zentroak bi iturri berriztagarriren alde egiten du, zehazki, geotermiaren eta aerotermiaren alde. Era berean, kontuan hartu dira, esaterako, eraispen selektiboaren prozesua; eraikinaren orientazioa; material birziklatuen kalkulagailuaren erabilera; eta iraunkortasun irizpideak exijitzea materialen iraunkortasunean, materialen jatorrian, enbalajeetan eta eraikuntza estandarizatuan. Prozesu osoan izendatutako ingurumen teknikari bat egon da, eta ingurumen adierazpena duten materialen ziurtagiriak eta ISO 14001 ziurtagiria bermatu dira.

Ekoetxea Meatzaldea zentroa osatzen duten bi egoitzetako bat Gallartakoa da, eta hango instalazioak Ekoetxea Ingurumen Zentroen Sarearen parte dira, zeina Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak kudeatzen baitu. Ingurumen hezkuntza eta sentsibilizaziorako ekipamendu den heinean, haren eraldaketa diseinuan eta ondorengo birmoldaketan egindako jardunbide egokiak herritarrei erakusteko aukera gisa identifikatu da. Hala, gunea bera helduei zuzendutako ibilbideen parte izango da, non zentroan zehar ibili ahal izango diren, eta zehaztasun osoz ezagutu nola planifikatu eta gauzatu den eraikuntza proiektu osoa.

Otras :