Plaiaundi Parke Ekologikoaren inguru paregabean ospatu diren Txingudi Udalekuak arrakasta bikainarekin amaitu dute aurten, parte hartu duten familien nahiak asetuz eta gazteengan aztarna ahaztezina utziz.
Uztailean eta abuztuan zehar, 7 eta 12 urte bitarteko gazteek aukera paregabea izan dute Txingudiko paduretako ekosistema esploratu, babestu eta defendatzeko. Aire zabaleko dinamiken eta jokoen bidez, funtsezko balioak garatu dituzte, hala nola, erantzukizuna, talde-lana eta komunikazioa.
Udalekuko dinamikak esperientzia-ikaskuntzari eta naturarekiko kontaktu zuzenari lehentasuna emateko diseinatuta egon dira. Esperientzia aberasgarria izan da, parte hartzaileengan Txingudiko padurekiko interesa areagotuz eta klima aldaketaren aurkako borrokan berebiziko garrantzia dutela ulertuz. Parte-hartzaileek habitat desberdinak esploratu, hegaztiak behatu eta gure ekintzek ingurumenean duten garrantziaz hausnartzeko aukera izan dute, beren eguneroko bizitzan jasangarriagoak diren gutxieneko bi ohitura aurrera eramateko konpromisoa hartuz.
Familiek jardueren kalitatea eta hezitzaileen profesionaltasuna goraipatu dituzte, udalekuko ingurune natural pribilegiatuarekin batera. Ekoetxea Txinguditik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten familia eta gazte guztiei, eskaini duten inplikazio eta gogo biziagatik. Parte-hartzaileen asebetetzea 10etik 9,75 eta familiena 9,25 puntukoa izanik, gure aurreikuspenak nabarmen gainditu ditugula esan dezakegu.
Edizio bakoitzean gero eta eskaera gehiago izateak, gogotsu lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, belaunaldi berriei gure natura-ondarea balioan jarri eta babestera bultzatuko dituzten esperientziak eskaintzeko.
Datorren udan zuen zain egongo gara!