Badu keinu batek mundua aldatzeko ahalmena?Aurten ere Ekoetxeak bat egin du Planetaren Orduarekin

Urtero, 190 herrialde eta lurralde baino gehiagok hartzen dute parte ekimen horretan, eta milioika pertsonak, komunitatek, enpresak eta gobernuk itzaltzen dituzte argiak ordubetez ingurumenarekiko konpromisoa eta kontzientzia pizteko.

Planetaren Ordua mundu osoko ekimen bat da, 2007an sortua eta WWF Elkarteak (Naturarako Mundu Funtsa) antolatua. Sydney hirian (Australian) hasi zen eta planeta osoan zehar zabaldu da, mundu osoko irismena duen ingurumen-mugimendu nagusietako bat bihurtuta.

Badakigu ordubetez arnas pixka bat ematen diogula munduari, baina garrantzitsuena da konpromisoa hartzea etorkizun jasangarriago baten alde, eta erakustea bat egiten dugula klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta ingurumenaren kontserbazioarekin. Keinu sinbolikoa da eta elkartasunaren indarra, ekintza kolektiboa eta pertsonen, enpresen eta erakundeen inplikazioa irudikatzen ditu.

Ekoetxea Ingurumen Zentroen Sarean aurten ere bat egiten dugu Planetaren Orduarekin. Hori dela-eta, larunbatean, martxoaren 23an, 20:30etik 21:30era bitarte, gure eraikin guztietako argiak amatatuko ditugu. Ekoetxea Urdaibai eta Ekoetxea Meatzaldea Bizkaian, eta Ekoetxea Txingudi eta Ekoetxea Azpeitia, berriz, Gipuzkoan. 

Gure xedea da pertsonen pentsatzeko eta ekiteko modua aldatzea, era jasangarrian, ohitura jasangarriak sustatzen dituzten esperientzia esanguratsuen bitartez. Horregatik, Planetaren Ordua noizean behingoa soilik izan ez dadin, hemen dituzue hamar ohitura energia aurrezteko, etxeko kostuak murrizteko eta zuen karbono-aztarna arintzeko: 

1. Berriztatu dituzun tresna elektrikoak eta jarri etxetresna efizienteak, A etiketa energetikoa dutenak.

2. Aldatu ohiko bonbillak eta jarri kontsumo txikiko LED bonbillak ordez.

3. Jarri garbigailua eta plater-ikuzgailua programa ekologikoekin, erabili ur hotza eta beti soilik beteta daudenean.

4. Lehorgailua erabili soilik neguan eta behar-beharrezkoa bada. Udan, ordea, aprobetxatu giroko beroa arropak lehortzeko.

5. Neguan, jarri berogailua 19°C eta 21°C artean egunean zehar.

6. Aire girotua 22°C-tan gutxienez. Ekintza hori berebizikoa da argindarra aurrezteko.

7. Gauez, jaitsi pertsianak tenperatura galdu dadila saihesteko.

8. Egin derrigor diren galdararen eta gasaren ikuskapenak bermatzeko egokiro mantenduta daudela.

9. Udan, eseki arropa bustiak etxe barruan giroa freskatzeko. Neguan, eseki kanpoan gehiegizko hezetasunik sortzea saihesteko.

10. Aldatu leihoak eta jarri beira bikoitzekoak etxebizitzaren isolamendu termikoa hobetzeko.

Guztion artean aukera dugu aldaketa gauzarazteko, egunerokoan ohitura jasangarriak sortzen dituzten keinuen bidez. Izan konponbidearen parte eta egin bat aldaketarekin!

Comparte:
Otras :