Iraunkortasunerako Hezkuntza Eskolaren bigarren edizioan izena emateko epea ireki da

2030eko Iraunkortasunerako Hezkuntza Eskolaren bigarren edizioa datorren uztailean egingo da, “Energia eta klima arteko trantsizioa eta herritarren aktibazioa” izenburupean. Ihobek antolatuta eta hezkuntza-komunitateari eta, oro har, jendeari zuzenduta, prestakuntza-jarduera honen helburua da ingurumen-hezkuntzan diharduten irakasleen eta beste erakunde laguntzaile batzuen arteko topaketa eta hausnarketa ahalbidetzea. Aurtengo edizioan izena emateko epea zabalik dago UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa – UIK webgunean.

Parte-hartzaileek gogoeta egingo dute iraunkortasunerako ezinbestekoak diren ikaskuntza-balio eta -esperientzia berriei buruz eta larrialdi klimatikoaren ondoriozko erronkei buruz. Gainera, edizio honetan, herritarrei eragiten dieten erronka energetikoak eta klimatikoak nola aurkeztu aztertuko da, eta Iraunkortasunerako Hezkuntzaren esperientziei buruz eztabaidatuko da ikuspegi eraldatzailearekin.

Iraunkortasunerako Hezkuntza Eskola 2030 Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko Ingurumen Jasangarritasunaren arloak koordinatzen du, UPV/EHUko udako ikastaroen (UIK) eta Donostia Sustainability Forum-en (DSF) esparruan. Bi erakundeek hartzen dute parte. UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak sortutako ekimena da DSF, jasangarritasunaren diziplinarteko tratamendurako, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik.

Programa

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak eta Itziar Alkorta Idiakez UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko (UIK) zuzendariak arduratuko dira Eskolaren irekiera instituzionalaz.

Uztailaren 6an (osteguna) eta 7 goizean (ostirala), goi-mailako txostenak, mahai-inguruak eta Ingurugelak dinamizatutako tailer bat izango dira programan, eta 2030erako Agenda eta 17+1 helburuak sakon landuko dituzte.

Ikus programa osoa.

Lan horren bidez, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak aurrera egin nahi du 2030erako Agendako eta Basque Green Deal-eko helburuak lortzeko bidean, eta, hala, garapen-eredu bidezkoa eta iraunkorra lortu nahi du.

Urte-bukaera arte

Bai Iraunkortasunerako Hezkuntza Eskolak, bai Donostia Sustainability Forum-ak hainbat ekimen garatuko dituzte, eta urte-bukaera arte luzatuko dituzte beren zabalkunde- eta partaidetza-jarduerak. Berrikuntza gisa, Ihobek, UIKekin batera, lau mintegi egingo ditu Miramar Jauregian, eta online plataformaren (DSF) barruan egingo dira:

  • Erronka ekosozialak, ingurumen-helburuak lortzeko ikuspegi berria.
  • Geure burua ezagutzea, aldaketarako aktibazioaren bila (Ingurumen Psikologia).
  • Iraunkortasunerako hezkuntza mundu hibrido batean, aukera berriak.
  • Iraunkortasunerako hezkuntzaren eragina neurtzea, erronka baterako pistak.

Ingurumen-hezkuntza

Pertsonak funtsezkoak dira iraunkortasunerako bidean, eta haien jarrera funtsezkoa da datozen urteetan Euskadi ekosozialki eraldatzeko. Alde horretatik, ingurumen-hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-politikaren palanka bat da, herritarren ingurumen-hezkuntza, -prestakuntza eta -sentsibilizazioa areagotzeko.

Ingurumen-hezkuntzak, Garapen Iraunkortasunerako Hezkuntza gisa ulertuta, pertsonak ahalduntzen ditu beren pentsaera alda dezaten eta etorkizun iraunkorraren alde lan egin dezaten. Ildo horretatik, beharrezkoa da gero eta pertsona gehiagok ahalmenak, jarrerak, trebetasunak, gaitasunak, ezagutzak eta balioak garatzea, erabakiak hartzeko eta ingurumena hobetzeko eta garapen jasangarria lortzeko ekintzarako gai izan daitezen.

Otras :