Joan den otsailaren 2an, Hezeguneen Munduko Eguna ospatu zen, “Hezeguneak eta giza ongizatea” lelopean. Gai nagusia osasun fisikoa, mentala eta ingurugiroarena ezagutaraztea izan zen, baita gainerako ekosistemek eta pertsonok hezeguneekin dugun lotura ere.
Hezeguneek berebiziko garrantzia dute ingurumena zaintzeko, uretarako iragazki natural gisa jarduten dute eta hainbat espezierentzako habitat paregabeak dira. Uholdeak arintzeko eta kutsatzaileak iragazteko duten gaitasunak nabarmen laguntzen dio ekosistemen osasun orokorrari.
Hezeguneen eta karbono-aztarnaren arteko harremana ukaezina da. Ekosistema horiek karbono-hustuleku gisa jarduten dute; atmosferako karbono dioxidoa murrizten eta, horrela, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen dute. Beraz, hezeguneak zaintzea funtsezkoa da ingurumen-mehatxu globalei aurre egiteko.
Haien funtzioa eta ingurumen-orekan duten garrantzia hobeto ezagutarazteko, hiru esperientzia garatu dira herritarrentzat, sarearen barruko kokaleku desberdinetan.
Plaiaundiko hezeguneak eta bertako pertsonaiak, Txingudiko Ekoetxean
Parte hartzaileek hezegune txiki bat sortu zuten, ekosistema horietan bizia mantentzeko ezinbestekoak diren eta bioadierazle gisa jarduten duten organismo txikiekin. Horri esker, gure ohiturek, kutsadurak eta klima-aldaketak biotopo horretan duten eraginari buruz ikasi eta hausnartu ahal izan zen.
Zugaztietako hezeguneak, Meatzaldeko Ekoetxean
Bertaratutakoek zientzialarien papera hartu zuten, laginen bidez Zugaztietako putzuen kalitatea eta bizigarritasuna zehazteko eta krisi klimatikoaren aurrean hezeguneek duten lotura eta garrantzia ulertzeko.
Urdaibaiko padurak, Urdaibaiko Ekoetxean
Ingurune horretan, ibilaldi bat egin zen oinez, Euskadiko hezegunerik zabalenean eta hobekien kontserbatutakoan barrena. Gune horren berezitasunak balioesteaz gain, biodibertsitateari dagokionez duen aberastasunagatik, aukera ezin hobea izan zen gainerako ingurunearentzat eta giza ongizatearentzat zeinen baliotsua den ezagutzeko eta balioesteko.
Esperientzia horiek guztiek inguruko hezeguneak babestearen eta zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta gogoeta egiten laguntzeko eginkizunaz gain, pertsonen inplikazioa eta konpromisoa pizteko eginkizuna ere izan zuten, eguneroko bizitzan jasangarriak diren keinuen bidez, norbanakoaren erantzukizuna funtsezkoa baita naturarekin orekan dagoen etorkizuna bermatzeko. Eta horren erakusgarri, parte hartu zuten familia guztien artean beren egunerokoan ia ehun keinu jasangarri txertatzeko konpromisoa hartu zuten.
Hezeguneen eta giza ongizatearen arteko lotura ingurumen-alderdietatik haratago doa. Gune horiek onura ekonomikoak eskaintzen dituzte, hala nola turismo jasangarria eta arrantza, eta tokiko komunitateentzat diru-sarrerak eta enplegua sortzen dituzte. Gainera, hezeguneen presentziak lotura positiboa du osasun mentalarekin, oreka emozionala sustatzen duten ingurune lasaiak eta aisialdirako espazioak direlako.
Azken 50 urteetan, hezeguneen % 35 galdu da munduan; hala bada, ekosistemarik mehatxatuena dira, eta basoak baino hiru aldiz azkarrago desagertzen ari dira. Hezeguneak galtzea eragiten duten giza jardueren artean daude nekazaritzarako eta eraikuntzarako drainatzea eta betelana, kutsadura, gehiegizko arrantza eta baliabideen gehiegizko ustiapena, espezie inbaditzaileak eta klima-aldaketa. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Txingudiko eta Urdaibaiko hezeguneak proposatu ditu Next Generation proiektu gisa, eta Europako funtsekin egindako eraldaketa-jarduketa ekonomikoen zerrendan sartu ditu.