Ekoetxea Urdaibaik euren CO2-aren isurketak uda baino lehen 300 tonaz murrizteko erronka egin die herritarrei

Herritarrek rol erabakigarria jokatzen dute klima-aldaketari eta beraren ondorioei aurre egiterakoan; nolanahi ere, kontzientziazioa ez da beti aski izaten, eta nola jokatu behar den jakitea ere funtsezkoa izan daiteke. Ekoetxea Urdaibaik aldaketaren partaidea izatea proposatu die bertako herritarrei: ingurumen-zentrotik plazaratutako erronka berri batean parte hartzearen bidez, eremu horretako isurketak 300 tona CO2 (baliokide/urte) murriztu nahi dira modu kolektiboan, datozen 4 hilabeteetan.

Ekainaren 30era arte, Urdaibaiko Biosfera Erreserban bizi diren pertsonek parte hartu ahal izango dute euren lurrarekin inplikatzera eta irtenbidearen partaide izatera deitzen dituen erronka kolektibo horretan. Erronkak #UrdaibaiErronka hashtaga darama, eta Urdaibai eskualdeko udalerrietan bizi diren 16 urtetik gorako pertsonengana zuzentzen da, eta baita gune paregabe hori zaintzen lagundu nahi duen beste edozeinengana ere.

Formula erraza da: ‘The Planet App’ deritzan aplikazio mugikor baten bitartez, erabiltzaileek kalkulatu ahal izango dituzte euren bizi-ohiturei lotutako berotegi-efektuko gasen isurketak, alegia, besteak beste etxebizitzatik, erabiltzen dituzten garraioetatik, elikaduratik edo euren bizi-estilotik datozen isurketak.

Pertsona bakoitzak bere keinu jasangarrien plana definituko du app horretan, egiteko prest dagoenaren eta bere ustez egin dezakeenaren arabera. Ekintza bakoitza (eskaileretatik igotzea, ontzi-garbigailua beteta dagoenean jartzea…) tipifikatuta dago sortzen duen karbono-aztarnarekin, eta, hortaz, pertsona bakoitzaren aurrezpena kontabilizatzen du, bere egiten dituen erronken arabera. ‘The Planet App’ euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, bai Androiderako eta bai iOSerako.

Isurketen neurgailuaz gain, appak ikaskuntza-modulu txikiak ere baditu; horien bitartez, erabiltzaileek puntuak erabili ahal izango dituzte, ingurumen-kontzientzia sortzen den bitartean: prestakuntza-pilula batzuk izango dituzte eskura (klima-aldaketaren oinarriak, Garapen Jasangarrien Helburuei eta 2030 Agendari buruzko sarrera, besteak beste), eta horren ostean eduki bakoitza ebaluatzeko galdetegiak beteko dituzte. Horri esker, puntuak irabaziko dituzte eta eskura dauden sarien enkantean parte hartu ahal izango dute, hala nola asteburu bat landetxe batean, zetazeoak ikustera zuzendutako itsasontzi-txango bat, eta beste esperientzia batzuk.

Prestakuntza horietan aurrera egiteak eta ohitura gehiagorekin konprometitzeak mailaz igotzea ahalbidetuko du, eta erabiltzaile bakoitzak bere aurrerapenak egiaztatu ahal izango ditu eta bere emaitzak alderatu Espainiakoekin, mundukoekin eta gainerako erabiltzaileenekin.

Esperientzia presentzialak Ekoetxea Urdaibain

#UrdaibaiErronka deritzan erronka tokiko eragileei entzutera eta datuak bertako biztanleen artean biltzera zuzendutako lan baten zati da. Ekoetxea Urdaibairen proposamena, gainera, eduki elkarreragileez eta esperientzia presentzialez ere osatuta dago, eta horiei esker erronkari heldu ahal izango zaio ingurune horretan.

Lehenengo esperientziaren helburua izango da kontsumitzaileei ekoetiketatzeari buruzko prestakuntza ematea, hurbilagotik ezagutu dezaten zer inpaktu duten erosten dituzten produktuek euren osasunean eta ingurumenean. Bigarren hitzordua, ekainaren 25ean, Tokiko Ekoizleen Azoka izango da. Bertan, hurbiltasuneko eta bertoko ekoizleen produktuak emango dira ezagutzera, eta zenbait sari lortzeko aukera ere egongo da.

Ekoetxea Sarearen eraldaketa

Ekimen hau iristen da Ekoexea Sarea –Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-zentroen sarea, Ihobe sozietate publikoak kudeatua- eboluzio bete-betean sartuta dagoenean, bere zentroak espazio estrategiko bihurtzeko. Sarea Urdaibai, Azpeitia, Meatzaldea eta Txingudin dituen lau zentro propioez dago osatuta gaur egun, baina 2023an zehar kopuru hori handituko du eta zentro elkartuak eta laguntzaileak ere gehituko dira hiru Lurralde Historikoetan.

Eraikuntza konpartituko prozesu baten ostean, 2022an estrategia berri bat landu zen Ekoetxea Sarerako. Garapen Jasangarriaren Helburuetatik abiatuta, asmoa da biodibertsitate, klima-aldaketa eta ekonomia zirkularrari buruzko politikak pertsonekin konektatzea. Era horretan, Ekoetxea bakoitzak eboluzionatu egiten du, eta interpretazio-zentroa izatetik ingurumen-zentro izatera pasatzen da. Berau herritarrengandik hurbil dagoen ekipamendu gisa dago planteatuta, pertsonak erdigunean jarrita. Bere helburua da herritarrak euren pentsaera eta jokaera aldatzera bultzatzea, ohitura jasangarriagoak eta ekologikoagoak hartzen lagunduz.

#UrdaibaiErronkaren moduko ekintzekin, Ekoetxea Sarea Ihobek herritarrak aktibatzera zuzentzen duen tresna bihurtzen dira. Hala, aurrerantzean hurbiltasuneko ingurumen-zentroz osatutako organo bat izango da, herritarren parte-hartzea eta inplikazioa ingurumen-desafio handien aurrean sustatzeko.

Comparte:
Otras :