Ekoetxea Urdaibaik aukera emango die familiei erosketa saskia modu jasangarrian betetzeko

Egungo ekoizpen eta kontsumo ereduak baliabide naturalak agortzen ditu, eta kaltea eragiten die ekosistemei eta biodibertsitateari; era berean, kutsatu egiten du, isurketekin, itsas zaborrarekin edo gas isurketekin; milioika lagunen funtsezko lan printzipio eta eskubideak urratzen ditu; ez ditu herritar askoren elikadura eta osasun beharrak asetzen, eta, azken batean, ez da jasangarria.

Herritarrekin batera beharrezkoa den aldaketa bilatzen laguntzeko, Ekoetxea Urdaibaik esperientzia bat eskaintzen du familiak kontzientziatzeko eta prestatzeko, etxerako erosketa egitean eguneroko ohiturak alda ditzaten. Ekitaldia maiatzaren 21ean egingo da, 11:00etatik 13:00etara, eta dagoeneko eman daiteke izena Ekoetxea Sarearen webgunean.

“Erosketa jasangarria” du izena esperientziak, eta Ekoetxea – Euskadiko Ingurumen Hezkuntzako Zentroen Sarearen helburu estrategiko berriaren barruan kokatzen da, hau da, herritarrak ohitura jasangarriagoko ekintzara mugiaraztea. Horretarako, oraingoan, hainbat gairen inguruko prestakuntza emango zaie parte hartzaileei, hala nola elikagaiak alferrik galtzea, hurbileko eta sasoiko kontsumoa, elikadura osasungarria, hondakinen kudeaketa arduratsua edo bidezko merkataritza, besteak beste.

Azpimarratuko dugun alderdietako bat ekoetiketatzea izango da. Erosketa saskia betetzean ingurumen inpaktua murrizteko informazio baliagarria ematen duten gero eta zigilu eta etiketa gehiago daude; hala ere, kontsumitzaile guztiek ez dakite horiek nola interpretatu, edo ez dituzte kontuan hartzen erosketa modu arduratsuan eta jasangarrian egiteko.

Ingurumen ondorio kaltegarriak murrizten dituzten produktuak identifikatzen eta aukeratzen lagunduko die esperientziak familiei, eta kategoria bereko beste produktu batzuek ez dituzten ezaugarriak ezagutuko dituzte. Eta hori guztia, familian jolasten.

Jardunaldiaren lehen zatian, adinez nagusi direnek ekoetiketen unibertsoa ezagutuko dute: zer informazio mota ematen duten, non aurki daitezkeen, inpaktu negatiboak murrizten dituztela ziurtatzeko zer bilatu behar den, zenbat dauden, eta askoz ere gauza gehiago. Bitartean, txikienek “erosketa arduratsuaren labirintoa” jolasarekin ikasiko dute, non, erabakiak hartuz, erosketa modu arduratsuan egiteko gakoak ezagutuko dituzten.

Azkenik, familiak elkartu egingo dira eta ikasitako guztia horretarako sortutako supermerkatu batean jarriko dute praktikan. Erosketa arduratsua eta jasangarria egiteko erronka izango dute. Planteatutako dinamika guztietan, puntuak lortuko dira, eta prozesu osoa osatzen duten familiek oparia jasoko dute, zeinak eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko aukera emango dien.

#UrdaibaiErronka, 300 tona CO2 murrizteko

“Erosketa jasangarria” esperientzia Ekoetxea Sareak martxoan abian jarri zuen #UrdaibaiErronkaren parte da, eta helburutzat dauka Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako herritarrek eremuko emisioak urtean 300 tona CO2 murriztea ekainaren 30a baino lehen. Inplikatzeko eta soluzioaren parte izateko erronka kolektiboa da.

Orain arte, #UrdaibaiErronkak 170 pertsona mobilizatu ditu, eta horrek 20,45 tona CO2 emisio murriztea ekarri du, parte hartzaileek beren gain hartutako jokabide jasangarriak beteta. Zifra hori hasierako helburuaren %6,82 da, eta, beraz, oraindik asko dago egiteko.

Erronka Urdaibai eskualdeko udalerrietan bizi diren 16 urtetik gorakoentzat da, edo kokagune berezi hori zaintzen lagundu nahi dutenentzat. Eta parte hartzea oso erraza da: ‘The Planet App’ aplikazio mugikorraren bidez, erabiltzaileek beren bizi ohiturei lotutako berotegi efektuko gasen emisioak kalkulatu ahal izango dituzte, eta beren konpromiso jasangarrien plana definitu ahal izango dute, zer egiteko prest dauden eta egin dezaketena kontuan hartuta.

Konpromisoaren arabera, parte hartzaileek puntuak lortuko dituzte sarien enkantean parte hartzeko, hala nola landetxe bateko egonaldi bat, zetazeoak ikusteko itsasontziko txangoa eta beste sorpresa batzuk.

Gainera, #UrdaibaiErronka aurrez aurreko hainbat esperientziarekin osatzen da, erronkari aurre egiteko lagungarriak izango direnak; adibidez, ekainaren 25ean egingo den Tokiko Ekoizleen Azokarekin edo maiatzaren 21ean 11:00etatik 13:00etara egingo den “Erosketa jasangarria” esperientziarekin. Horretarako izena dagoeneko eman daiteke esteka honetan: https://ekoetxea.eus/producto/erosketa-arduratsua/

Jakin gehiago #UrdaibaiErronkari buruz: www.ekoetxea.eus/es/urdaibaierronka

Otras :