- Euskadiko ingurumen zentroek bat egingo dute Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekintzarekin, eta eklipserako betaurreko homologatuak banatzeko eta jasotzeko gune gisa jardungo dute
- Ekoetxea Sareak adierazi du komenigarria dela eklipsearen ondoren betaurrekoak berrerabili ahal izatea; horregatik, berriz zentroetan uzteko gonbita egin du, hobeto kudeatu ahal izateko
2026ko abuztuaren 12an, belaunaldi batean ia tokirik ez duen gertaera horietako bat izango du Euskadik: eguzki eklipse osoa, 2183. urtera arte gure lurraldetik berriro ikusiko ez dena. Herritarrei segurtasunez prestatzen laguntzeko, Ihobek kudeatzen duen Euskadiko Ingurumen Zentroen Sareak bat egingo du Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekintzarekin, eta 5.000 betaurreko homologatu banatuko ditu bere bost guneetan.
Bost Ekoetxea zentroak (Azpeitia, Añana-Sobron, Meatzaldea, Txingudi eta Urdaibai) betaurrekoak jasotzeko gune izango dira eklipsearen aurretik. Iluntze aldera gertatuko den fenomeno garaian zentroak itxita egongo diren arren, funtsezko zeregina beteko dute aurreko egunetan; izan ere, eklipsea modu seguruan ikusteko ezinbesteko tresna eskainiko diete herritarrei. Hiru lurralde historikoetan dagoenez, Sareak ezohiko gertakari zientifiko hori milaka lagunengana eramango du, modu hurbil, irisgarri eta seguruan.
Zurea erreserbatu dezakezu hemengo formularioaren bidez.
Prestaketa eskatzen duen hitzordu historikoa
Ilargia 19:30ak aldera hasiko da eguzkia estaltzen, eta 20:27ak alderako osorik estaliko du. Eklipseaz modu seguruan gozatzeko, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du oso garrantzitsua dela betaurreko homologatuak erabiltzea, eta herritarren eskura jarriko ditu. Gainera, Eklipsea webgune ofizialaren bidez, informazio zehatza jakinaraziko da, ordutegiak, faseak, behaketa baldintzak eta gomendioak kontsultatzeko, herriz herri.
Gomendio horien artean, bada bat bereziki garrantzitsua: eklipserako homologatuko betaurrekorik gabe eguzkiari zuzenean ez begiratzea. Eguzkia partzialki estalita dagoenean ere, zuzeneko behaketak kalte larriak eragin ditzake ikusmenean.
Helburu horrekin, Ekoetxea Sareak banaketa gune gisa jardungo du bere bost ingurumen zentroetan. Guztira, 5.000 betaurreko banatzea aurreikusten da, eta bisitarientzat eskuragarri egongo dira abuztuaren 12a baino lehen. Ekimenak Ekoetxeak hurbileko sare publiko gisa duen zeregina indartzen du, gai baita erronka eta gertakari global handiak herritarren eguneroko bizitzarekin uztartzeko.
Zentroak ez dira behaketa puntuak izango, prestaketa puntuak baizik
Ekoetxea Sareak gogorarazi nahi du bere zentroak ez direla eklipsea behatzeko gune izango, fenomenoa iluntze aldera izango baita eta gune horiek itxita egongo baitira une horretan. Horregatik, betaurrekoak aldez aurretik jaso beharko dira, eta nork bere behaketa planifikatu beharko du dagoen lekutik; betiere, gomendio ofizialei jarraituz.
Eusko Jaurlaritzak eklipsea norbere herritik bertatik edo pertsona bakoitza dagoen lekutik ikustea gomendatu du, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eta segurtasuna lehenesteko. Mugituz gero, gomendio ofizialen arabera, toki hurbila aukeratu behar da: mendebalderantz begiratzeko ikusgarritasun ona duena, oztoporik gabea eta aldez aurretik planifikatua.
Eklipsea begiratu eta zikloa ondo itxi
Ekoetxeak ez du nahi argia zerura itzultzen denean esperientzia amaitzerik. Horregatik, betaurrekoak ondo zaintzeko eskaera egiten die herritarrei, etorkizuneko eguzki behaketetan edo datozen urteetan gerta daitezkeen beste eklipse batzuetan berrerabili ahal izateko.
Berrerabiltzeko asmorik izan ezean, bost Ekoetxea zentroetako edozeinetan utzi ahal izango dira, behar bezala kudeatu ahal izateko.
Era horretan, gertakari zientifiko berezi hau ingurumen erantzukidetasuneko keinu txikiak sustatzeko aukera ere bihurtuko da. Izan ere, eklipseak, segurtasunez behatzeko prestatzea ez ezik, erabiltzen ditugun materialen inpaktua ahalik eta gehien murrizteko moduari buruz hausnartzea ere eskatzen du.
Interesa dutenek eklipseari buruzko informazio ofiziala www.eklipsea.euskadi.eus helbidean kontsultatu ahal izango dute. Bertan, behaketarako gomendioak, dibulgazio edukiak, baliabide didaktikoak, jardueren agenda eta mapa bat emango dira, fenomenoa herri bakoitzean nola ikusiko den jakiteko.
Abuztuaren 12an, Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean jartzen denean, milaka pertsonak zerura begiratuko dute ezohiko fenomeno bat ikusteko. Une hori iritsi aurretik, Ekoetxeak aholkatzen du guztia patxadaz, informazioarekin eta arduraz prestatzeko.
Jaso betaurrekoak aldez aurretik Ekoetxea Sareko zentroetan, kontsultatu informazio ofiziala, eta, eklipsea amaitu ondoren, berrerabili edo eman bigarren bizitza.