Datorren irailaren 14tik aurrera, Ekoetxea Meatzaldeak, Gallartan, “Zirkularrak-Circulares” erakusketa irekiko du, Euskadin ekodiseinatutako produktuen erakusketa, hain zuzen ere. Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, antolatutako erakusketa honek esperientzia erakargarria, dibertigarria eta doakoa eskaintzen du, familian gozatzeko ezin hobea.
Gasteiz, Bilbo eta Irun, besteak beste, zeharkatu ondoren, Zirkularrak-Circulares ikuspegi berrituarekin iritsiko da Meatzaldera, familientzako egokituta, gainera. Ingurumena errespetatzen duten produktu berritzaileak erakusteaz gain, haurrentzako jarduera interaktiboak ere biltzen ditu erakusketak, ekodiseinuaren mundua modu dibertigarrian ezagutzera gonbidatuz. Ekodiseinatutako produktuak bereizten eta ingurumen-inpaktuaren arabera sailkatzen ikasteko jolas-esperientzia hezigarri bat.
Erakusgai dauden produktuen artean, ehun artikulu baino gehiago daude, makineria eta altzarietatik hasi eta kontsumo eta elikadura produktuetaraino, ekodiseinua ia edozein sektoretan aplika daitekeela erakutsiz. Horrek guztiak indartu egiten du euskal enpresek ekonomia zirkularrarekin duten konpromisoa, bai eta Europako hegoaldeko ekodiseinuan duten lidergo-papera ere, Euskadi berrikuntza iraunkorreko erreferentea izanik.
Ba al zenekien erabiltzen ditugun eguneroko objektuetako batzuk ingurumen-inpaktua murrizteko diseinatu zirela? Pentsatu al duzu nola alda litezkeen zure kontsumo-ohiturak erositako produktuen bizi-zikloa ezagutuko bazenu?
Gainera, esperientzia honek gogoeta egitera gonbidatuko gaitu:
Nola txerta ditzakegu ekodiseinuaren printzipioak gure bizitzetan?
Posible al da gure kontsumitzeko moduan aldaketa txikiek ingurumenean eragin positiboa izatea?
Galdetu al diozu zeure buruari zer egin dezaketen enpresek eta herritarrek ekonomia zirkular baten eredua aldatzeko?
Ez galdu industria etorkizun berdeago baterantz nola eraldatzen ari den gertutik ezagutzeko aukera.
Erakusketaren xehetasunak:
- Irekiera eguna: irailaren 14a, larunbata.
- Doako sarrera
- Lekua: Ekoetxea Meatzaldea, Gallarta
Gainera, erakusketarekin batera, datozen hilabeteetarako esperientzien proposamen berria dugu:
- Urriak 13, igandea. Ehungintza: Arropa erabilien berrerabilpena
- Igandea, azaroak 17. Mugikortasuna: Bizikleten konponketa
- Igandea, abenduak 15. Elikadura: Stop elikadura hondarrak
Ekoetxea Meatzaldean itxarongo zaitugu!