Trukeguneren arrakasta bere lehen edizioan. Pertsonen eta berrerabileraren magia

Gabon egunetan hondakinen sorrera % 30 handitzen da, batez ere oparien bilgarriak direla medio, eta baita janaria xahutzeagatik ere.

Horregatik, Ekoetxea Sareko ingurumen-zentroek, abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra, Koopera eta Elkargunearekin lankidetzan, TRUKEGUNE, espazio paregabea sortu genuen,“erabili eta bota“, kontzeptuaren inguruan hausnartzeko, kontsumo arduratsua sustatzeko eta ohitura jasangarriak sortzeko, hain bereziak eta, aldi berean, kontsumistak diren garai hauetan. Esperientzia honen bidez, berrerabilera sustatu nahi da, erabiltzen ez ditugun objektuak trukatuz eta, gainera, kostu ekonomikorik gabe.

Objektu baten balioa biderkatu egiten da partekatzen duzunean. Horregatik, TRUKEGUNEn, trukatutako opari bakoitzak, ez zuen soilik istorio zati bat eramaten, baita ingurumena zaintzeko konpromisoa ere, eta batez ere, beste pertsona bat berriro ilusionatzeko magia.

Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu ekimen honen lehen edizioan parte hartu duzuen guztioi. Posible egin dugu bizitza berri baten parte diren 1.173 objektu baino gehiago trukatzea eta, gainera, 846 konpromiso ere lortu ditugu Gabonak jasangarriagoak izan daitezen.

Gure ekintzek eragin nabarmena dute inguruan ditugun pertsonengan, baita ingurumenean ere. Horregatik, keinu bakoitzak garrantzia du eta zerbait berrerabiltzen dugun bakoitzean, bizitzeko aukera berri bat ematen diogu. Ez da mentalitate-aldaketa bat soilik, sentitzeko eta bizitzeko modu bat da.

Eskerrik asko aldaketaren parte izateagatik!

Comparte:
Otras :