Ekoetxea Sareak ikuspegi berri batek markatutako eraldaketa prozesu bati ekin dio, herritarrek jasangarritasunaren aldeko konpromisoa hartzea helburu. Hausnarketa estrategiko zabal baten ondorioz, Euskadiko Ingurumen Zentroen Sareak larrialdi klimatikoaren aurrean kontzientziazio handiagoa pizteko eta ekintza zehatzak bultzatzeko esperientziak sustatzen ditu. Halatan, natura interpretatzeko zentroen ikuspegia gainditu du Ekoetxeak, eta ingurumen zentroen sare bihurtu da, eraldaketa ekosozialean laguntze aldera.
Eusko Jaurlaritzaren eskutik eta Ihobe sozietate publikoaren bidez kudeatua, Ekoetxea Sareak, eraldaketa digitalarekin batera, hausnarketa partekatu bati ekin zion, eta hausnarketa horrek aldaketa sakonagoa ekarri du, herritarren erreferente izan eta politika publikoen helburuen zerbitzura dagoen tresna bihurtzeraino.
Sare berriaren egitura presentziala zein digitala da orain, eta zabalagoa ere bai. Erdigunean, zentro propioak: Txingudi, Urdaibai, Azpeitia eta Meatzaldeko egungo laurak; eta horiei orain eraikitzen ari diren Añanakoa gehituko zaie, Araban. Egitura horren bigarren mailan, zentro laguntzaileek Sarearen helburuarekin bat datozen esperientzia esanguratsuak eskainiko dituzte. Azkenik, Ekoetxea Digitala gehitu behar da, zerbitzu berriak modu interaktiboan erakusteko eta eskaintzeko ekosistema digitala.
Sarea berrituz
Klima aldaketa da maila globalean aurre egin behar diogun ingurumen arazo premiazkoenetako bat. Eusko Jaurlaritzak bere bide orri propioa garatu du, klima eta energia trantsizioaren ardatz nagusiak industria eta teknologia izango dituen eredu ekonomikoa lortzeko.
Egungo larrialdi klimatikoari aurre egiteak dakarren erronkak anbizio handiko helburuak eskatzen ditu administrazioaren maila guztietan, baita herritarrek ohiturak aldatzeko eta 2050ean klima neutraltasuna lortzeko konpromisoa hartzea ere. Hortxe zurkaizten da Sarearen xede berria: ‘Pertsonengan pentsatzeko modua aldatzea eta modu jasangarrian jardutea’. Hiru zutabetan oinarritzen den misio berritua:
- Euskal herritarren sentsibilizazio handia jasangarritasunaren arloan.
- Herrialdearen aberastasuna ingurumen hezkuntzako ekimen arrakastatsuetan.
- Zerbitzu unibertsal bihurtzeko asmoa.
Inspirazioaren bidez pertsonengan eragiteko modu horren helburua da pertsonek begirada zabaltzea eta ekintzara igarotzea, ingurune hurbiletik eta eguneroko jokabide eta keinuen bitartez aldaketaren alde inplikatuz. Sarea, beraz, herritarrak aktibatzeko Ihoberen tresna bihurtu da, erronka handienetako bati aurre egiteko: berotegi efektuko gasak erdira murriztea 2030erako, eta zerora 2050erako.
Sare berria zabaldu egingo da eta hibridoa izango da
Ekoetxearen ekipamenduak gure mundua hobetzeko beharraz hezteko eta sentsibilizatzeko sortu ziren, biodibertsitatearen interpretazioaren bidez. Hasitako eraldaketa prozesuak, gaur egun, erantzuna eman nahi die gizarte gisa aurre egiten ari garen trantsizio ekologikoaren ondoriozko erronkei.
Ekoetxea – Euskadiko Ingurumen Ekipamenduen Sare berriak , zentro propioen eta zentro laguntzaileen bitartez, modu erabakigarrian laguntzen du 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuak eta Euskadiko Itun Berdetik eratorritako erronkak lortzen.
Sare hibrido berri hori zenbait erakunde publikok eta pribatuk eta askotariko ikuspegiak dituzten hainbat eragilek osatzen dute, eta elkarlanaren kulturatik sareko ikaskuntzaren eta kolektiboaren balioaren kulturara eboluzionatuko duen ekosistema eta antolamendu bat osatuko du.
Aldaketa prozesua eta lehen emaitzak
Ekoetxearen estrategia berria lantzeko prozesua 2022an gauzatu zen, ikuspegi integral baten bidez, eta hiru talde sortu ziren horretarako: Eragilea, Prototipogilea eta Estrategikoa.
Lehenengo fasea 2022ko otsaila eta uztaila bitartean egin zen, eta hola eman zitzaion hasiera metamorfosiari. Horretarako batu ziren Ekoetxea zentroetako hezitzaileek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuko aholkulari pedagogikoek osatutako Talde Eragilea batetik, eta Ekoetxea Sareko zentro bakoitzeko koordinatzaileak eta beste hezitzaile batzuk biltzen zituen talde Prototipogilea bestetik.
“Esperimentazioaren” bigarren fasean, 2022ko iraila eta abendua bitartean, zortzi prototipo sortu ziren, eta 2023an jarri dira martxan Sareko lau zentroetan.
Prozesuaren emaitzak erakundearen kudeaketan eta ematen dituen zerbitzuetan gertatzen ari dira, Sareak helburu eta misio berri bat duelako, baita sare hibridoaren kultura berri bat ere.
“Data Driven” erakundea
Kudeaketa, zeina neurtzeko, aztertzeko eta erabakitzeko datuetan oinarritzen baita, publiko desberdinak hartuko ditu kontuan orain, ingurunearen, motibazioaren eta profilaren arabera. Datuak, ildo horretan, programazioa egokitzeko eta aukera berriak ehuntzeko lehengaia dira. Izan ere, orientazio bezerozentrikoa bermatzen duten tresnak dira, eta ekintzen inpaktua neurtzeko aukera ematen dute.
2023an, Sareak “Data Driven” erakunde bihurtzeko bideari ekin dio, arlo horretan dituen bi erronka handiez jabetuta, alegia, datu bilketaren digitalizazioa eta datuetan oinarritutako kulturaren ezarpena.
Etorkizuna
Detektatutako erronka berrien aurrean, 2023. urtea, Ekoetxea Sarean, estrategia eta sare eredu berria bultzatu eta ezartzeko urtea da, eta 2024a, berriz, sendotzeko eta proiektatzeko urtea.
Eraldaketa hori gauzatzeko, 32 jarduketa biltzen dituen ekintza plan bat diseinatu da, eta horien artean 10 nabarmentzen dira.
- Herritarren portaera jasangarriak neurtzeko datuen lorpenean aurrera egitea.
- Ekoetxea Sarearen eraztunak osatzea, Euskadiko Ingurumen Zentroen Sare gisa finkatzeko.
- Ihobeko talde sustatzailea sortzea, ingurumen politika desberdinetako teknikariek osatua.
- Estrategia berriaren ikuspegitik, zerbitzu eta esperientzia berriak diseinatzea.
- Zentroetako erakusketa iraunkorretan erabiltzaileen esperientzia hobetzea.
- Zentro propioak eta zentro laguntzaileak kudeatzeko eredu berri bat diseinatzea eta ezartzea.
- Sarea eta bere zentroak, bakoitza bere ingurunean, herritarrengandik hurbil dauden ekipamendu eta eragile aktibo gisa kokatzea.
- Publiko desberdinen intsight-en ezagutzan sakontzea.
- Egungo komunikazio eredua estrategia berriaren beharretara egokitzea.
- Ekoetxea Digitalaren garapenean aurrera egitea, edukien atari gisa.
Azken batean, ekintza eta eraldaketa horien guztien helburua zera da: Ekoetxea Sareak pertsonei beren konpromisoa handitzen, emaitzak monitorizatzen, lorpenak jakinarazten eta erronka berriak planteatzen laguntzea. Guztion baturak bakarrik lortuko du klima aldaketa geldiaraztea.
Trantsizio digitala eta ekologikoa uztartzeko eta hori modu bidezko eta jasangarrian egiteko momentua da. Iritsi da ekintzara pasatzeko garaia. Etorkizuna orain da.