Gaur egun, gehiegizko beroa handiagoa da hirietan inguruetan baino, batez ere bero-
boladetan, eta gero eta ohikoagoak dira berotze globala dela eta. Horrek eragin
negatiboa du pertsonen osasunean, eta akidura eta bero-kolpeak eragiten ditu.
Aurtengo udan, Irunek beste urrats bat emango du bizilagunak zaintzeko. Udalak
Ekoetxea Txingudi izendatu du udalerriko 31 klima-babeslekuen artean, eta bero
itogarritik babestea behar dutenentzat espazio fresko eta seguruak eskaintzen dituen
sarera gehitu da.
Merkurioak ez dio utzi gora egiteari aurtengo udan, eta uztaila historiako hilabeterik
beroenetako bat izan da Copernicus sarearen arabera; hortaz, inoiz baino
garrantzitsuagoak dira hizpide ditugun tokiak. Pertsona kalteberenak –adinekoak,
haurrak, gaixotasun kronikoak dituztenak edota baliabide gutxi dituztenak– babesteko
bereziki pentsatuta daude, eta hiriko oasia dira.
Gero eta gehiago, hirietan klima-babeslekuak jartzea premiazkoa da, eta tokiko
hirigintza-plangintzan sartu behar dira, ekipamenduak eta espazio libre publikoa
egokitzeko.
Ekoetxea Txingudi, zentro zibikoekin, liburutegiekin eta parkeekin batera, barruko zein
kanpoko espazioek osatutako sare horren parte da. Non dauden jakin behar duzu?
Udalak mapa interaktibo bat prestatu du, barruko hamar babeslekuak eta kanpoko
21 puntuak aurkitzeko. Azken horietan sartzen dira zuhaitzak dituzten kaleak eta
itzaletan dauden bankuak dituztenak, ibilbide freskoagoetarako paregabeak. Gainera,
auzo bakoitzerako mapa espezifikoak sortu dira eta bero-boladei aurre egiteko aholku
praktikoak dituzten diptikoak banatu dira.