Biodibertsitatea, klima aldaketa eta ekonomia zirkularra pertsonekin lotzen dituzten Euskadiko ingurumen zentroen sareak uniformeak berritu ditu, eta horretarako, kontuan hartu ditu egungo kontratazio eta erosketa publiko berdearen programan ezarritako ingurumen irizpideak. Ekoetxea sareak etapa berri bati ekingo dio “Ternua Workwear” enpresarekin batera. Enpresa horrek jantzigintza eta ehun jasangarrien prozesuak, ekonomia zirkularra errazten duten material bakarreko jantziak eta prestazio tekniko handiko diseinu funtzionala eskaintzen ditu.
Eusko Jaurlaritzak Ihobe sozietate publikoaren bidez kudeatzen ditu Ekoetxeak, eta horien misioa da ingurune enblematikoetan eraldaketa ekosoziala bultzatzea, herritarrak inplika daitezen. 2022an, ibilbide berri bati ekin zion sareak, eta, esperientzia berrien bidez, herritarrek klima aldaketari aurre egiteko konpromiso zehatzak hartzea lortu nahi du. Hain zuzen ere, herritarrekiko harreman hori eta sarearen helburuarekiko koherentzia oinarrizko irizpideak dira jantzi berria hautatzeko orduan, honako hauek uztartuta: ingurumena errespetatzen duten ehunak, prozesu jasangarrien bidez iraunkortasuna handitzen duen kalitatezko fabrikazioa eta horiek janzten dituzten pertsonentzako beharrezko babesa eta erosotasuna.
Ekoetxea sareko ingurumen eta pedagogia asmoen arteko konexioak aukera emango die bisitariei hautapen hori erabiltzeko diseinu berritzailearekin eta berdintasun irizpideekin jasangarritasunaren alde lan egiten duten material birziklatuen erabileraren erakusle. Sarearen erabakiak bere helburu eta misioarekin bat etortzearen bigarren mailako ondorio garrantzitsu bezala, nabarmentzekoa da herritarrei bere diskurtsoan ematen dien sinesgarritasuna eta koherentzia.
Materialak
Jantziak berritzeko, Ekoetxea sareak aire zabalean lan egiteko gomendatutako isolamendu termikoko geruza bakoitzeko hainbat jantzi erosi ditu: kamisetak, poloak, txalekoak, jakak eta praka teknikoak. Jantzi horiek guztiak material bakarrekoak dira, eta ezaugarri horrek erraztu egiten ditu nola birziklatzea hala ekonomia zirkularra.
Helburuen arabera aukeratu diren ehunek kotoi birziklatua eta organikoa konbinatzen dituzte, baita plastikozko botilak birziklatzetik datorren poliesterra ere. Azpimarratzekoa da hariek eta ehunek Oeko-tex ziurtagiria dutela. Nazioarteko elkarte independentea da, baimena duten 18 zentrok osatua eta mundu osoko 85 herrialdetan dihardu lanean. Elkarte honek izen bereko zigilua ematen du. Arropa profesionalaren hornitzailea hautatzeko orduan irizpide horiek sartzeak jasangarritasun irizpideak zabaltzen dizkie Ekoetxea sareko prozesu eta kontratazio berriei, ingurumen eta gizarte inpaktua handitzeko.
Erosketa prozesua bera praktika ona izan da berez, uniformea berritzean erosketa eta kontratazio berdea baliatu baita, hots, ingurumen, gizarte eta ekonomia alderdiak kontuan hartzen dituena, eraldaketa ekonomikoan eta garapen jasangarriko hainbat helburu (GJH) lortzean zuzenean eta zeharka lagunduz.