Ihobek herritarrengana hurbilduko du jasangarritasuna, Bioterra 2026 azokan, klima aldaketari buruzko ihes joko batekin

  • Ihobek kudeatzen duen Euskadiko Ingurumen Zentroen Sareak familia eta gazteei zuzendutako proposamena eskainiko du
  • Bioterra azoka Ficoban (Irun) egiten da urtero, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren barruan, eta jasangarritasunari buruzko hitzordu garrantzitsuenetako bat da; 2026ko edizioa ekainaren 5etik 7ra izango da

Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen Euskadiko Ingurumen Zentroen Ekoetxea Sareak Bioterra 2026 azokan parte hartuko du ekainaren 5ean, 6an eta 7an, esperientzian eta parte hartzean oinarrituta jasangarritasuna herritarrengana hurbiltzeko proposamen batekin, Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Ekoetxeak “TerminUs: aldaketaren ihes boxa” aurkeztuko du, non parte hartzaileek hainbat proba eta erronka gainditu beharko dituzten TerminUS zer den jakiteko, hots, planetaren norabidea aldatzeko epemuga. Jolasaren, lankidetzaren eta dibertimenduaren bidez, jardueraren helburua da larrialdi klimatikoaz eta egunerokoan ohitura jasangarriak txertatzearen garrantziaz kontzientziatzea.

Ekoetxea sarea Bioterran egotearen arrazoia da Ihobek sustatu egiten dituela ingurumen hezkuntzarako eta dinamika berritzaile, parte hartzaile eta publikoarengandik hurbilekoen bidez gizartea sentsibilizatzeko modu berriak.

Ihes joko honen helburua da parte hartzaileek ikustea, lankidetzaren eta dibertimenduaren bidez, nola banakako ekintza txikiek, beste pertsona batzuenekin batera, klima aldaketari aurre egiten eta Lurra babesten lagun dezaketen. Esperientziak erronka kolektibo bat planteatzen du, non beharrezkoa izango den lankidetzan jardutea, probak gainditzeko eta jasangarritasunarekin lotutako irtenbideak aurkitzeko.

Enigmen, dinamika kolaboratiboen eta hainbat erronkaren bidez, bisitariak modu praktiko eta parte hartzailean hurbildu ahal izango dira ingurunearen zaintzarekin lotutako kontzeptu eta jardunbide egokietara.

Jarduera familia eta gazteei zuzenduta egongo da bereziki, baina jasangarritasunarekin lotutako esperientzia berezi bat bizi nahi duten bisitari guztientzat irekita egongo da. Proposamen honekin, Ekoetxea sareak ikaskuntza aktiborako eta partaidetzarako espazioak sortu nahi ditu, entretenimendutik eta elkarreraginetik ingurumen kontzientziazio handiagoa bultzatuz.

Bioterrari buruz

Bioterra azoka, hain zuzen, Euskadiko ekologiaren eta jasangarritasunaren arloko topaketa nagusietako bat da, eta kontsumo arduratsuarekin, elikadura ekologikoarekin, energia berriztagarriekin, mugikortasun jasangarriarekin eta ongizatearekin lotutako milaka bisitari, enpresa, erakunde eta profesional biltzen ditu urtero Irunen, Gipuzkoan, Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez –ekainaren 5ean da egun hori–. Edizio honetan, honako lelo honen inguruan antolatu da azoka: “Osasuna zuretzat, osasuna planetarentzat. Ekologikoa, hobeto bizitzeko mugimendu kolektibo gisa”.

Ekoetxea sarearen parte hartzeari esker, Euskadin ingurumena zabaltzeko, natura kontserbatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko sareak egiten duen lana hurbildu ahal izango zaie bisitariei.

Ekoetxea Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarea 5 zentrok osatzen dute: Bizkaian, Ekoetxea Meatzaldea eta Ekoetxea Urdaibai; Gipuzkoan, Ekoetxea Azpeitia eta Ekoetxea Txingudi; eta Araban, Ekoetxea Añana-Sobron sartu berria. Zentro horiek guztiek ingurumen kontzientziazioa sustatzeko eta herritarren artean ohitura jasangarriak sustatzeko esperientziak eta jarduerak eskaintzen dituzte.

Otras :

Harpidetu zaitez gure Newsletterrera Ekoetxearen nobedade guztien berri izateko