Ingurumenaren Munduko Eguna: seinaleak argiak dira, eta erantzuna gure alde dago

Elkarrizketa Malake Muñozekin

Ingurumenaren Munduko Eguna dela-eta, Malake Muñozekin hitz egin dugu Ekoetxean, bera baita Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko teknikaria, eta gure garaiko ingurumen-arloko gairik garrantzitsuenetako bat aztertu dugu: klima-aldaketa.

Seinaleak argiak dira. Erantzuna gure alde dago. #Klimaren alde, oraintxe!” leloa hartuta, Ekoetxea Sareak gogora ekarri nahi du ingurumena ez dela soilik gure ingurunea. Partekatzen dugun etxea da, eusten gaituen bizi-iturria ere bai, eta hari eustea guztion erantzukizuna da.

Askotan, klima-aldaketaz aritzen gara, kontu urrun, abstraktu edo ulertzeko zail bat balitz bezala. Baina haren ondorioak planeta osoan neurtzen eta ikusten ari dira: tenperaturen igoera, itsas mailaren igoera, euri-patroien aldaketak, lehorteak, euri- jasa bortitzak eta gero eta ohikoagoak diren muturreko fenomeno meteorologikoak.

Klima-aldaketa erreala da, eta giza jarduerak bizkortu du

Malakek azaldu duenez, Lurreko klimak beti izan ditu aldakuntza naturalak, baina XX. mendearen bigarren erdialdetik hona bizitzen ari garena guztiz desberdina da. Klima-aldaketa bizkortzen eta areagotzen ari da, giza jardueraren ondorioz.
Gure jarduerak klima-aldaketan duen eragina azaltzeko, Malakek irudi sinple eta oso bisual bat erabiltzen du: berotegi-efektuko gasek manta bat bezala funtzionatzen dute Lurraren inguruan. Garraioa, berokuntza, energia-kontsumo, ondasunen ekoizpen eta banaketa, eta antzeko jardueretatik eratorritako gasak isurtzen ditugun bakoitzean, “manta” hori loditu egiten da. Eta zenbat eta lodiagoa izan, orduan eta bero handiagoa geratuko da atmosferan. Gasen metaketa horren ondorioz igo da tenperatura globala, eta hainbat ondorio ekarri ditu, dagoeneko agerian ditugunak ingurune hurbilenean.
Klima-aldaketa ez da datu globalen kontu bat soilik. Gure eguneroko bizitzan eta bizi garen lurraldean ere agertzen da. Uda luze eta beroagoak, bero-boladak maizago, aldaketak euri-jasetan eta muturreko gertakariak dira ondorioetako batzuk, eta dagoeneko hasiak gara horrelakoak nozitzen. Malakek nabarmentzen duenez, ez dira gertakari isolatuak, ezta pertzepzio indibidualak ere. Aldaketa horiek zientifikoki neurtzen ari dira, eta joera global bati jarraitzen diote.

Errealitate horren aurrean, erantzuna maila desberdinetan eman behar da. Batetik, instituzioak, hiriak eta antolatzeko eredu kolektiboak daude. Bestetik, kontsumitzaile eta herritar gisa egunero hartzen ditugun erabakiak ditugu.

“Arazoaren parte gara, baina baita konponbidearen parte ere"

Elkarrizketaren mezu nagusietako bat da gure ekintzek ondorioak dituztela. Berogailua piztea, autoz bidaiatzea, milaka kilometro ibili dituen produktu bat erostea eta oraindik erabilgarri dagoen objektu bat ordezkatzea ere ingurumen-inpaktuaren parte dira.

Baina ideia horrek berak ate bat irekitzen dio ekintzari. Gure erabakiak arazoaren parte baldin badira, konponbidearen parte ere izan baitaitezke.

Malakek azpimarratzen duenez, klima-aldaketari aurre egiteak ez dakar nahitaez okerrago bizi behar izatea, ezta gure bizi-kalitateari uko egin behar izatea ere. Kontua da beste modu batera bizitzea: kontzientzia handiagoz kontsumitzea, daukaguna hobeto aprobetxatzea, bertako produktuak aukeratzea eta geure buruari galdetzea benetan zerbait berria erosi behar dugun.

Adibide erraz bat da telefono mugikor baten, etxetresna elektriko baten edo eguneroko objekturen baten bizitza baliagarria luzatzea. Askotan, kontua ez da ongizatea galtzea, baizik eta erabaki arduratsuagoa hartzea.

Bestalde, Malakek bertako kontsumoan jartzen du arreta, eta azken produktutik harago begiratzeak duen garrantzian ere bai. Erosketa bakoitzaren atzean historia bat dago: non ekoitzi duten, nola egin duten, nola iritsi den gure eskuetara eta zer inpaktu sortu duen ibilbide horretan. Hurbileko produktuak aukeratzea lagungarria da, garraioari lotutako emisioak murrizteko, eta, aldi berean, ingurunearekin lotura handiagoa duten kontsumo-ereduak bultzatzeko.

Gainera, zenbat eta informazio argiagoa eskatu erosten dugunaren jatorriari, elaborazioari eta inpaktuari buruz, orduan eta handiagoa sistema aldatzeko egingo dugun ekarpena.

Ekiten hasteko esperientziak Ekoetxea Sarean

Ingurumenaren Munduko Eguna gonbidapen bat da parean ditugun seinaleei aurrez aurre begiratzeko eta ekiten hasteko. Erantzuna ez baitago keinu bakar batean, ezta pertsona bakar batean ere, konpromiso indibidual eta kolektiboen baturan baizik.

Egun hori ospatzeko, Ekoetxea Sareak programazio berezia prestatu du 2026ko ekainaren 6rako eta 7rako, oro har publiko osoari zuzendutako esperientziekin: erakusketak, ibilbideak, tailerrak, familientzako antzerkia, musika, ingurumena garbitzea eta etorkizun jasangarriago baten aldeko kontzientzia, lotura eta ekintza inspiratzeko pentsatutako beste jarduera batzuk.

Ekoetxeak gonbit egiten dizu Malakeri egindako elkarrizketa osoa ikustera, eta sareak antolatutako esperientzietan parte hartzera, jasangarritasunari, klima-aldaketari eta ingurunearen zaintzari buruz ikasten jarraitzeko.

Seinaleak argiak baitira. Eta erantzuna gure alde dago.