Pentsatzen duen ura gara: ur-ingurunearekin dugun harremana berriz deskubrituz

Víctor Peñas Sánchezi elkarrizketa

Uraren Nazioarteko Eguna dela-eta, Uraren Euskal Agentziako (URA) teknikari Víctor Peñasekin hitz egin dugu, “hidromitoak” desmuntatzeko eta gure ibaien osasuna, azken batean, gure osasuna dela ulertzeko beharraz.

Uraren Nazioarteko Eguna ez da egutegiko egun huts bat, arreta erakartzeko beharrezko dei bat ere bada. Víctor Peñasek azaldu duenez, efemeride honek balio digu “planeta urdineko bizimodu guztiei eusteko dugun baliabide natural berriztagarririk garrantzitsuena nabarmentzeko”. Hala ere, duen garrantzia gorabehera, munduko baliabiderik “hauskorrena, degradatuena eta mehatxatuena” da oraindik.

"Ur-biltegitik" ekosistema bizira

Gaur egungo erronkarik handienetako bat da herritarrek ur-inguruneari buruz duten pertzepzioa aldatzea. Peñasek muturreko pentsamolde-aldaketa proposatzen du: “Baso bat ez dugu egur-biltegi gisa ikusten edo ulertzen. Era berean, ulertu behar dugu ur-inguruneak […] ez direla ur -biltegiak, bizia gordetzen duten eta gizarteari zerbitzua eta onura ematen dizkioten ekosistemak direla”.

Ikuspegi ekosistemiko hori da Uraren Euskal Agentziaren (URA) lanaren oinarria. Kudeaketa teknikoarekin batera, kontserbazioa da bere erronka nagusia, “ekosistemen osasunaren atzean pertsonen osasuna dago” dioen premisarekin.

“Ibai bat ez da ur-biltegi bat, bizia gordetzen duen ekosistema bat da, eta gizarteari zerbitzua eta onura ematen dizkio”.

Euskadi: lehortearen memoriaren eta uholde-arriskuaren artean

Euskadi ugaritasun hidrikoarekin lotu ohi da, baina, hala ere, memoria historikoak kontrakoa dio. Peñasek gogoan du 1989-1990 urteetako lehortea, Zadorra Sistemako urtegiak edukieraren % 1ean egon baitziren. “Hura mugarri bat izan zen” euskal gizartearen kontzientziazioan.

Alabaina, gaur egun, uholdeak dira lurraldeak duen arrisku natural nagusia. “Uholdeak dira kalte material gehien eta giza galerak ere eragin dituen fenomeno natural errepikakorra”. Horregatik, uholde-arriskua kudeatzeak erabateko lehentasuna du gaur egun plangintza hidrologikoan.

Ekoetxea eta URA aliantza: etorkizunerako hezkuntza

Víctor Peñasen ustez, ingurumen-hezkuntzari dagokionez, oraindik bizirik dirauten mantra faltsuak edo “hidromitoak” dira punturik larrienetako bat. Hauxe da zabalduena: itsasora doan ibaietako ura “alferrik galtzen” dela.

“Ibaiek itsasora joan behar dute, noski. Ibaien jatorrizko bokazioa lurraldean erortzen den ura biltzea eta itsasorantz eramatea da, bizitzaren zikloa elikatzeko”. Peñasen iritziz, hori alferrik galtzea dela esatea “erabateko ezjakintasuna” izatea da. “Ibaiek ez dute ura soberan, eta, era berean, inork ez du osasuna soberan, ez besorik ez hankarik ere”.

"Ura gara, pentsatzen duen ura"

Mito horiei aurre egiteko, prestakuntza funtsezkoa da. URAren eta Ihoberen arteko hitzarmen berri baten bidez, Ekoetxea sarea funtsezko zutabe gisa finkatu da ingurumen-hezkuntzan. “Ibai-gelak” eta antzeko programen bidez, herritarra ur-ingurunera hurbildu nahi da, bertatik bertara ezagutzeko.

“Garrantzitsuena da ulertaraztea gure txorrotetatik ateratzen den ura nonbaitetik datorrela”. Peñasek azpimarratu du Ekoetxeak aukera ezin hobea direla ekonomiatik harago doazen uraren balioak erakusteko: balio kulturalak, emozionalak eta lurraldekoak.

Ondorio gisa, Víctorrek gogoetarako esaldi bat utzi digu: “Ura gara, pentsatzen duen ura”. Ondasun ordezkaezin hori zaintzea, beraz, datozen belaunaldiekiko errespetu eta biziraupen hutseko kontua da.