URAk, Ihobek eta Ekoetxea Sareak ibaiertzeko basoei buruzko erakusketa bat abiarazi dute Sobronen, Uraren Munduko Egunaren Astean
URA-Uraren Euskal Agentziak, Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta Ekoetxea Sareak “Erriberako basoa: ibaiaren babesa eta basa-bizitzaren babeslekua” erakusketa aurkeztu dute gaur Añana-Sobrón Ekoetxean, gure ibaien ekosistema funtsezkoenetako baten – eta, aldi berean, mehatxatuenetako baten – ezagutzan eta balioespenean sakontzeko sortua: landaredia eta ibaiertzeko basoak. Erakusketaren irekiera Uraren Munduko Egunarekin bat dator: Ekoetxea sareko zentroek programazio berezia egingo dute bizitzarako funtsezkoa den baliabide horren inguruan sentsibilizatzeko eta herritarrak baliabide hori babesteko gaitzeko. Erakusketa Ekoetxea Sareko gainerako zentroetara eramango da eta 2026ko azaroaren amaierara arte egongo da ikusgai.
Aurkezpena Uraren Munduko Egunaren astean egin da, eta bertan izan dira Josu Bilbao Begoña, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailekoa, eta Asier López Etxebarria, URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia.
Josu Bilbaok nabarmendu duenez, “ibaiertzeko basoak gure ibaien osasunari eusten dioten benetako azpiegitura naturalak dira. Erakusketa honen bidez, herritarrei haien balio ekologiko eta sozial izugarria hurbildu nahi diegu, eta gogorarazi haien babesa funtsezkoa dela lurralde-eredu erresilienteago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko”.
Bestetik, URAko zuzendariak azpimarratu duenez, “ibai baten osasun ona, neurri handi batean, ibaiertzeko basoaren kontserbazio-egoeraren mende dago. Bertan, ibilguaren egonkortasuna, uraren kalitatea eta espezie askoren biziraupena daude jokoan. Erakusketa honekin mezu horren garrantzia azpimarratu nahi dugu. “
Ibaiaren “babes naturala” ulertzeko erakusketa
Erakusketak ibilbide didaktikoa eskaintzen du argazkien, ilustrazioen, infografien eta dibulgaziozko edukien bidez, erriberako basoen egitura, funtzionamendua eta garrantzi ekologikoa eta soziala ulertzeko.
Baso horiek benetako korridore ekologikoak dira, ekosistemak lotzen dituzte eta biodibertsitate apartari eusten diote; ertzak egonkortzen dituzte, ibilguaren oreka errazten dute, ur-goraldiak arintzen dituzte, kutsatzaileak iragazten dituzte eta uretako eta lurreko bizitzarako funtsezkoak diren mikroklimak sortzen dituzte.
Erakusketak erakusten du landaredi horrek nola funtzionatzen duen araztegi natural gisa, nola sustraiek sedimentuak finkatzen dituzten eta higadura murrizten duten, nola ematen dioten materia organikoa ibilguari eta nola bermatzen duten ibaien funtzionaltasun ekologikoa denboran zehar.
Era berean, habitat horiek gaur egun dituzten mehatxuetan jartzen du arreta erakusketak — aldaketa hidromorfologikoak, hiri- eta industria-presioak, landaredi autoktonoaren galera edo espezie inbaditzaileen ugaritzea —, eta ekosistema horiek kontserbatzeko eta lehengoratzeko beharra azpimarratzen du.
URA – IHOBE hitzarmen berriaren osteko lehen sentsibilizazio-ekintza
Ekimen horren bidez, URAk, Ihobek eta Ekoetxeak helburu hauek lortu nahi dituzte: herritarrek erriberako basoari buruz duten ezagutza hobetzea eta ibai-ekosistemaren barruan duten funtsezko eginkizuna ezagutzea; haren garrantzi ekologikoa zabaltzea, biodibertsitate handiko gune gisa; ematen dituzten ingurumen-zerbitzuei balioa ematea — erregulazio hidrikoa, kutsatzaileen iragazketa ur-goraldien aurkako babesa, basa-bizitzaren babesa —; edo haren hauskortasunari buruz sentsibilizatzea eta haren kontserbazioa, leheneratzea eta babesa sustatzea.
Erakusketa honen inaugurazioa URAren eta Ihoberen arteko lankidetza-hitzarmen berriaren ondoren garatzen den lehen sentsibilizazio-jarduera publikoa da. Hitzarmen horren helburua uren arloko hezkuntza- eta dibulgazio-ekintzak indartzea da, Ekoetxea Sarearen bidez.
“Gaur URArekin eta Ihoberekin aurkezten dugun hitzarmenak ingurumen-hezkuntzarekin eta herritarren aktibazioarekin dugun konpromisoa indartzen du. Gizarte informatu bat bere ibaiak babesteko prestatuago dagoen gizartea da” nabarmendu du Bilbaok.
“Hau da Ihoberekin eta Ekoetxeak sarearekin batera garatuko dugun sentsibilizazio-programa zabalago baten lehen urratsa. Gure helburua argia da: urari buruzko ezagutza herritarrengana hurbiltzea eta harreman kontzienteagoa eta begirunetsuagoa sustatzea herrialdeko ibai-ekosistemekin “, adierazi du López Etxebarriak.
Akordioari esker, uraren arloko ingurumen-sentsibilizaziorako eta -gaikuntzarako edukiak garatu ahal izango dira, besteak beste:
- Prestatzaileen prestakuntza Ekoetxea Sarean
- Hezkuntza-esperientzia berriak diseinatzea,
- Ibai-gelak garatzea,
- Uraren ibilbideak eta bideak sustatzea,
- Gaikako erakusketa ibiltariak eta Uraren Munduko Egunaren urteroko ospakizuna
