DBHko ia 1.000 ikaslek parte hartu zuten Ekoetxeak Lurzoruaren Munduko Egunean antolatutako erronkan

Aurten ere, hilaren 5ean, Ekoetxea ingurumen-zentroen sareak bat egin zuen Lurzoruaren Munduko Egunaren ospakizunekin, eta esperientzia bat eskaini zien DBHko lehen zikloko ikasleei. Hamazazpi ikastetxek bat egin zuten deialdiarekin, eta ia 1.000 haurrek hartu zuten parte. Erronka interaktiboak batera uztartzen zituen dibertsioa eta curriculum-ikaskuntza.

Erronka

Ondoz ondoko bigarren urtez, erronka interaktibo bat izan da Ekoetxeak jardunaldi honetarako egin duen proposamen nagusia. Ikasleek taldeka aritu behar zuten, beste ikastetxe batzuekin lehian. Esperientzia arretaz diseinatuta zegoen ikasleek, erronkako etapetan aurrera egin ahala, efemerideari buruzko datuak ikas zitzaten. Izan ere, erronka betetzeko, honako hau behar zen:

  • Klima-aldaketaren arrazoiak zein diren jakin, baita horrek gure ingurunean duen eragina ere.
  • Atmosferak eta hidrosferak planetako bizitzarako duten garrantzia ulertu.
  • Ohitura jasangarriak aztertu, baita ekosistemen kontserbazioan duten eragina.
  • Ondo ikasi ingurumenaren egoerak eragin zuzena duela gizakien eta beste izaki bizidun batzuen osasunean.

Jardunaldiaren amaieran, Bizkaia Ikastetxeak, Oñati BHIk eta Uzturpe Ikastolak lortu zuten puntuaziorik handiena (asmatutakoen eta erantzunaren abiaduraren arabera). Horrela, hiru ikastetxeek eskuratu zuten jokoan zegoen saria: ikastetxeko ikasleek aire zabaleko gure ihes-jokoan parte hartzea, esperientzia esklusibo gisa, haiek aukeratutako Ekoetxean.

Eskerrik asko edizio honetan parte hartu zenuten haur eta irakasle guztioi. Datorren urtean gehiago izango dugu!

2024ko Lurzoruaren Eguna

Nazio Batuek abenduaren 5a izendatu zuten Lurzoruaren Munduko Eguna, kontzientzia sortu nahian maiz aintzakotzat hartzen ez den baliabide honen garrantziaz. Izan ere, lurzoru emankorra da gure elikagaien % 95 baino gehiagoren sorburua, eta landareentzat funtsezkoak diren oinarrizko 18 elementu kimikoetatik 15ena. Balio kalkulaezina izan arren, urtero 24.000 milioi tona lur emankor galtzen dira, Nazio Batuen datuen arabera, eta hori oso kezkagarria da. Datua bereziki larria da, kontuan izanda ehunka edo milaka urte behar direla lurzoru emankorra sortzeko.

Aurten, “Zaindu lurzoruak: neurtu, monitorizatu, kudeatu” izan da jardunaldiaren leloa. Bereziki nabarmentzen du zer garrantzitsua den lurzoruari buruzko datu eta informazio zehatzak izatea, haren ezaugarriak ulertzeko eta lurzoruaren erabilera jasangarriaz erabaki egokiak hartzeko. Izan ere, hori da modu bakarra elikagaien eskuragarritasun globala bermatzeko.

Comparte:
Otras :