Datorren igandean, otsailak 2, Hezeguneen Mundu Eguna ospatuko da, Nazio Batuek egun hau aldarrikatu baitute ekosistema hauen garrantzia ezagutarazteko eta babesteko beharraz kontzientzia sortzeko.
Ez dago hezegune-mota bakar bat: lakuak, aintzirak, ibaiak, padurak, zingirak, istingak, zohikaztegiak eta mangladiak hezegune-mota desberdinak dira. Ur gezakoak edo gazikoak izan daitezke, etengabe urpean egon edo noizbehinka urak hartuta… Nolanahi ere, haietan guztietan, urak erregulatzen du lekuari lotutako landare- eta animalia-bizitza. Horregatik, dibertsitate biologiko handiko espazioak dira, eta egundoko garrantzia dute espezie askorentzat. Hori gutxi ez eta 1.000 milioi pertsonak baino gehiagok hezeguneen beharra dute bizibidea ateratzeko, elikagaiak eta edateko ura ematen baitizkiete.
Zergatik daude arriskuan?
Ekosistema hauek oso kalteberak dira zerbait aldatzen denean. Hortaz, hirigintzaren garapenak, kutsadurak eta berotze globalak, besteak beste, urritu dituzte biologikoki, eta maiz desagertu egin dira. Azken 50 urteetan horietako heren bat desagertu da. Arazo horretaz jabetuta, duela 40 urte baino gehiago Ramsar Hitzarmena sortu zen, gune hauei nolabaiteko babesa eman nahian.
Espainian 76 hezegune daude Ramsar zerrendan sartuta. Horietatik sei Euskadin ditugu: Txingudi, Urdaibai, Guardiako aintzirak, Uribarri Ganboako urtegiaren adarrak, Gesaltza Añana, Arreo-Caicedo Yusoko aintzira eta Salburua.
Ekoetxeak bat egin du Hezeguneen Munduko Egunek ospakizunarekin
Ekoetxea sareak zentroak ditu Ramsar zerrendan sartutako sei guneetatik bitan, hain zuzen, Txingudin eta Urdaibain. Hori dela-eta, igande honetan, bi ekoetxe horiek bat egingo dute ospakizunarekin, esperientzia bana eskainiz: Urdaibaiko padurak eta Plaiaundiko hezeguneak eta bertako pertsonaiak. Era berean, Zugaztietako hezegunetatik gertu dagoen Ekoetxea Meatzaldeak beste horrenbeste egingo du bere esperientziarekin.
Horrenbestez, gonbidapena egiten dizuegu gurekin bat egitera Hezeguneen Mundu Eguna ospatzeko, edozein ekoetxetan; eta, ezin baduzue, gerturatu zaitezte zuen kabuz Euskadiko hezegune batera, bertako aberastasun natural ikaragarria ezagutzeko.