Astronomian, beste planeta batzuetan bizitza-arrastoak bilatzen dituztenean, ura ba
ote dagoen izaten da darabilten markatzailea. Izan ere, ura ezinbesteko baldintza da
bizitza egon dadin, ezagutzen dugun moduan, eta, gainera, bizitzaren modelatzaile
handia da. Planeta honetan bizi garen izakiak garen modukoak gara, elementu
preziatu honen eskuragarritasunaren arabera. Ura bizitza da!
Horregatik, naturari eta ingurumenari eskainitako zentroen sare batean, hau da,
Ekoetxea Sarean, ezinbestekoa zen elementu modelatzaile handi honi buruzko
zentro bat egotea. Berandu bada ere, hemen dugu! Datorren larunbatean, martxoak
22, Uraren Mundu Eguna izango da, eta, bide batez, Ekoetxea Añana Sobron berria
inauguratuko dugu.
Ekoetxea Añana Sobron Arabako Lantaron udalerrian dago. XIX. mendean eta XX.
mendearen erdialdera arte, leku honek distira handiko garaia izan zuen, antzinako
bainuetxeko ur mineromedizinalei esker. Hemendik aurrera, Ekoetxea Sobronek
emango digu aukera leku pribilegiatu honetan urak gure bizitzan duen garrantziaz
jabetzeko.
Uraren Eguna ospatu nahi al duzu Añana Sobronen? Hona hemen inauguraziorako
prestatu ditugun ekitaldiak!
Larunbatean, hilak 22, ur-dastatzea egingo dugu, Israel Gómez sommelierrarekin.
Bertaratzen direnek hainbat uren ñabardurak eta ezaugarriak ezagutu ahal izango
dituzte. Arratsaldean, “Uraren Memoriak” ginkanari esker, familiek aukera izango
dute Sobróngo bainuetxearen historia esploratzeko, pisten eta jokoen bidez.
Igandean, hilak 23, “Kantu Kantari, Ura Dantzari” ipuin-kontalariaren saioan,
haurrek gozatua hartu ahal izango dute urarekin, istorio eta abestien bidez.
Asteburua amaitzeko, Neønymus artistak zentzumenetan ardaztutako kontzertu bat
eskainiko du Sobrongo haitzartean, ahotsa, teknologia eta antzinako tresnak
uztartuz, esperientzia paregabe batean.
Zatoz Uraren Eguna ospatzera Ekoetxea Añana Sobron berrira. Zure zain gaude!