Iaz, Ekoetxea zentroen sareak, Koopera eta Elkargunearekin lankidetzan, ekimen jasangarri bat jarri zuen abian, Gabonetan ekonomia zirkularra sustatzeko. Izan ere, garai horretan, kontsumismoa nagusitzen da, eta, oro har, joera gehiago dugu “erabili eta botatzeko”. Ekimen horri Trukegune deitu genion eta oso emaitza onak izan zituen.
2024-2025eko Gabonetan, Trukeguneren bigarren edizioa izan da, emaitza onak izan ditu berriz, eta behar-beharrezko ekimena dela ohartu gara.
Zertan datza?
Trukegune ekonomia zirkularreko ekimen bat da, eta Gabon jasangarriagoak sustatu nahi ditu. Ekoetxea sareko zentro guztietan, espazioak egokitzen ditugu trukerako. Hala, bisitariek jada behar ez dituen objektuak utz ditzakete, eta aurrez parte hartu dutenek bertan utzitakoak hartu. Horrela, egoera ezin hobean dauden (ezinbesteko baldintza) objektuak, zabor gisa edukiontzi batera bota beharrean, beste pertsona batzuek har ditzakete ilusioz erabiltzen jarraitzeko.
Trukegune sendotu da
Bigarren edizio honetan, guztira, 900 truke egin dira. Gainera, 349 konpromiso hartu dira Gabonak jasangarriagoak izan daitezen. Bi emaitzak oso onuragarriak dira. Orain, ekimen honetarako laguntza eman duten erakundeek gure zentroetan geratu diren objektu guztiak jasoko dituzte: Kooperak Meatzaldea, Urdaibai eta Txingudiko zentroetan dagoena jasoko du; eta Elkargune Azpeitiko zentrokoaz arduratuko da. Objektu horiek guztiak haien beharra duten pertsonei eta familiei banatuko dizkiete.
Gure ustez, bigarren edizio honek ekimena sendotu du, eta, dena ondo bidean, laster Trukegune Gabonetako ohitura klasiko bat izango da Euskadin. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan parte hartu duten pertsona guztiei, Gabon jasangarriagoak izateko kontsumo-ohiturak sortzen jardun baitute.
Eskerrik asko ohiturak aldatzen parte hartzeagatik!