Ekoetxea Saretik atsegin handiz jakinarazten dugu gure lehen agente laguntzailea, MATER itsasontzi ekoaktiboa, gurekin dela, ingurumen-hezkuntzaren inguruan gehiago sakontzeko helburuarekin, gazteak ingurumen-arazoen soluzioan aktiboki parte hartzera bultzatuz.
Ekimen zirraragarri honen bidez, eta ohitura jasangarrien bidez pertsonen egiteko eta pentsatzeko modua aldatzeko asmoarekin bat eginez, MATER ontzian —hegaluze-ontzi historiko bat museo ekoaktibo bihurtua— murgiltze-esperientzia bat eskaini nahi diegu gazte taldeei.
Urpeko bizitzaren garrantziaz eta ingurumen-erantzukizunaz ikasteko aukera paregabea da. Izan ere, itsasoko kutsadura, batez ere plastikoena eta mikroplastikoena, errekor-datuetara iristen ari da 2021ean erregistratutako 17 milioi tona metriko baino gehiagorekin.
Presta zaitez hegaluze-ontzi ekoaktiboaren esperientziarako
MATER ontziak, euskal hegaluze-ontzi tradizional gisa duen bere historia aberatsarekin, eszenatoki ezin hobea eskaintzen du 12 urtetik gorako kirol-inguruneetako 25 gazteko taldeei zuzendutako 3 orduko hezkuntza-esperientzia paregabe honetarako.
Ekoetxea Sareak eta Materrek elkarlanean sortutako esperientziak hiru etapa ditu. Lehenengoan, ontziratu baino egun batzuk lehenago, parte-hartzaileek dinamika ludikoen bidez froga bat egin beharko dute beren indarguneak ezagutzeko; horiek erabakigarriak izango dira ontzian doazenean. Bigarren etapan, ontziratuta eta taldeka banatuta, itsasoan hondakinak biltzeko eta sailkatu ahal izateko diseinatutako tresnak eta trebetasunak praktikan jarri beharko dituzte.
Amaitzeko, taldeek ontziaren kutxa sekretua aurkitu beharko dute, ginkana baten moduan.
Esperientzia guztia, gizakiak eta hondakinek itsasoan duten eraginari buruz hausnartzera ez ezik, talde-lana eta komunikazioa sustatzera ere bideratuta dago. Abentura bikaina gure itsas ingurune preziatua ezagutzeko, maitatzeko eta kontserbatzeko.
Kirol elkarte bateko talde bat bazara eta parte hartu nahi baduzu Ekoetxea Txingudirekin harremanetan jar zaitezke 943 619 389 telefonora deituz edo Koordinazioa.Txingudi@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatziz.