Eusko Jaurlaritzak Ihoberen bidez kudeatzen duen Ekoetxea – Euskadiko Ingurumen Zentroen sareak bat egin du Lurzoruaren Munduko Egunaren ospakizunarekin, aurtengo abenduaren 5ean, ‘Lurzorua eta Ura, Bizitzaren Iturria’ lemapean, zenbait esperientziaren bidez; esperientzia horiek modu presentzialean egin dira Meatzaldea eta Txingudiko zentroetan, baita ikastetxe batzuetan ere, modu telematikoan, erronka baten bitartez.
Jardunaldi horri begira, Ekoetxea Sareak lurzoruaren garrantziaz sentsibilizatzera zuzendutako esperientziak diseinatu zituen, eta, zehazki, beraren kudeaketaren praktika jasangarriei eta ura infiltratzearekin eta metatzearekin duen loturari buruzkoak; izan ere, horiek dira 2023ko Lurzoruaren Munduko Egunerako kanpainaren gai nagusiak.
Gazteek lurzoruaren garrantziaz kontzientziatzeko egun horretan parte hartzeari begira, Ekoetxea Sareak “Lurzorua eta ura, bizitzaren iturria” esperientzia digitala gauzatu du; bertan, 26 ikastetxetako ia 1.4000 ikaslek modu birtualean parte hartu dute euren ikastetxeetatik.
Taldeka egiten den abentura ludiko eta elkarreragile bat da, zeinaren bidez Euskadiko ikastetxeek landu baitituzte lurzoruaren kudeaketa jasangarriarekin lotutako curriculum-edukiak. Dinamika horrek heldu die, lurzoruaren ikuspegitik, klima-aldaketaren arrazoiei eta horrek ekosistemetan dituen ondorioei; jorratu ere honako gai hauek jorratu ditu: atmosfera eta hidrosferaren eginkizunak eta Lurreko bizitzarako jokatzen duten funtsezko rola; ohitura jasangarriek ekosistemen kontserbaziorako duten garrantzia; eta ingurumenaren, giza osasunaren eta beste izaki bizidun batzuen arteko lotura.
Abendura sei misiotan banatu da, eta horietan ikasleek askotariko erronkak gainditu dituzte, asmakizunak ebatziz, informazioa bilatuz, galderei erantzunez eta ziberespazioan ezkutatutako QR bat bilatu ere eginez. Probek behartzen zuten ezagutza, ekintza eta sormena konbinatzera, planteatutako erronka –gure planetaren biziraupena- gainditzeko funtsezkoak ziren elementuak eskuratzeko.
Esperientzia presentzialak Txingudi eta Meatzaldean
Beste alde batetik, Ekoetxea Meatzaldeak esperientzia bat prestatu zuen egun horretarako, familiak kontzientziatu zitezen lurzoruak baliabide ez-berriztagarri gisa duen garrantziaz eta bertan gordetzen den dibertsitate naturalaz konturatu zitezen, baita kalte egiten dioten faktoreez ere. Jardueraren ardatza transektu bat izan zen, hau da, lagin moduko lur-zerrenda bat, Zugaztietako meatze-ustiategiaren antzinako eremuaren lurzoruko datuak hartzeko. Aukeratutako lurzatia bereziki egokia zen jarduerarako, bai bere lurzoruen motagatik eta bai urak bere hobietan presentzia zuelako.
Lurzoruen kalitatea egiaztatzeko, laginak jaso ziren eta analitika erraz bat egin zen in situ. Era horretan, zenbait parametro neurtu ahal izan ziren meatzaritza-jarduna izan zuten lurzoruetan, eta gauza bera egin ahal izan zen lehengoratze naturala izandako lurzoruetan eta birlandatzearen eraginez lehengoratze azkarra izan duten eremuetan. Gainera, eremu horretako argazki zaharren bitartez, bertako paisaiak eta lurzoruak izandako bilakaera hurbildu zitzaion grafikoki publikoari.
Ekoetxea Txingudik, paduran duen kokapenagatik lurzoruaren eta uraren arteko lotura behatzeko zentro egokia den aldetik, ‘La Jenga’ jokoaren egokitzapena proposatu zuen, ‘lurraren arrasean’ izena emanda.
Dinamika ezagun horren bitartez –blokeak pila batetik kentzen dira, goiko partean jartzeko-, parte-hartzaileek jasangarritasunaren kontzeptuan sakondu zuten, eta, aldi berean, orekarekin jokatzen zuten eta lurzoruaren geruzak eta bertan aurki daitezkeen izaki bizidunak ikusten zituzten irudikatuta.
Lurzoruaren Munduko Eguna
Jardunaldia NBEk ezarri zuen 2015ean, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen erakundearen eskariz (FAO), lurzoru osasungarriaren garrantziaz kontzientziatzeko eta bere baliabideen kudeaketa jasangarriaren alde egiteko.
Osasunerako, biodibertsitaterako, ekosistemetarako, elikadura-segurtasunerako eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako funtsezkoa den eremu horretan, Euskadik eskualde eta estatuen europar abangoardian lan egiten du; izan ere, orain dela gutxi Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia onartu du, eta iragan urrian Euskadiko Lurzoruaren Babesari buruzko lehenengo Biltzarra egin du: SOILUZIOAK 2023.