Uztailaren 3an eta 4an, 2030eko Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskolaren beste edizio bat izango da Donostiako Miramar jauregian. Aurten, sorkuntza-gune gisa aurkeztuko da, egungo erronka sozial eta ekologikoen aurrean ingurumen-hezkuntza berraztertzeko eta berritzeko.
Laugarren edizio hau Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatu du, UPV/EHUren Udako Ikastaroen programaren eta Donostia Sustainability Forum-aren barruan, eta prestakuntzako proposamen inspiratzaile bat du. Ikuspegi parte-hartzaile eta praktiko batetik abiatuta, eskola-eredu tradizionaletatik urrundu, eta laborategi bihurtuko da, ideiak lotu eta ekintzarako tresna erabilgarriak sortzeko.
Bi jardunaldietan, parte-hartzaileek sakon aztertuko dituzte gaur egun eraldaketa sozialean laguntzeko behar diren forma berriak. Mapa kontzeptualekin eta tresna pedagogikoekin gidatutako eginkizunen bidez, aukera izango dute beren sormena, lankidetzarako gaitasuna eta jasangarritasunari eta zirkulartasunari buruzko begirada kritikoa lantzeko.
Programak estatuan erreferenteak diren pertsona batzuk bilduko ditu, hala nola, Serafín Huertas, Irene Baños eta Daniel Rodrigo-Cano. Besteak beste, ingurumen-hezkuntza, utopia jasangarriak eta digitalizazioaren mugak jorratuko dituzte. Ekoetxea Sareko arduradun Ainhoa Diez de Salazarrek emango die hasiera jardunaldiei. Itxieran, berriz, mahai-inguru bat egongo da, “erronka berrietarako mapa berriak” hizpide hartuta, eta Ihobeko Hondakinen eta Lurzoruaren zuzendari Xabier Gonzálezek moderatuta.
Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago, eta programa osoa 2030eko Jasangarritasunerako Hezkuntza Eskolaren webgunean dago eskuragarri.