2024. urtean 140.000 pertsonak baino gehiagok, inoizko kopururik handiena, bisitatu zuten Ekoetxea Sareko ingurumen-zentroetakoren bat

DM Educación Ambiental

Datorren urtarrilaren 26an ospatzen den Ingurumen Hezkuntzako Mundu Egunarekin bat eginik, Ekoetxea Sareak 2024. urteko jardueraren balantzea aurkeztu du

Iaz marka guztiak hautsi zituzten Ekoetxea sareko ingurumen-zentroek, 2024. urtean 140.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu baitzuten bere lau zentroetakoren bat. Horietatik guztietatik, 28.000 bisitari Euskadi osoko ikastetxeetatik etorritako ikasleak izan dira, eta Ekoetxea sareak eskaintzen dituen hezkuntza-jarduera ugarietako batean parte hartu dute. Hezkuntza-jarduera horien helburua da hiru lurraldeetako ikasleek beren ingurune naturala hobeto ezagutzea eta haien balioen barruan ingurunearekiko errespetua integratzea.

Sareak, ingurumen-hezkuntzako plataforma gisa, 278 esperientzia eskaini ditu, eta erabiltzaileek gogobetetze-maila handia adierazi dute (10etik 9,3 puntu). Bereziki honako jarduera hauek nabarmendu dira: Ingurumenaren Mundu Eguna (ekainaren 5a), lurzorua lehengoratzea, lehortearen erresilientzia eta desertifikazioaren aurkako borroka ardatz izan dituena; Hondakinen Prebentziorako Europako Astea (azaroaren 16tik 24ra), elikagai gutxiago xahutzea helburu zuena; Lurzoruaren Mundu Eguna (abenduaren 5a), non mila ikasle inguruk dibertimendua eta curriculum-ikaskuntza nahasten zituen erronka interaktibo batean parte hartu zuten; eta Gabonetako Trukegune kanpaina, Koopera eta Elkargunearekin elkarlanean garatua, kontsumo arduratsua sustatzeko eta objektuen trukearen bidez ohitura jasangarriak sortzeko.

Ekoetxea sareak ingurumen-hezkuntzari dagokionez garatu duen jarduera handia dela eta, erreferente bihurtu da ohitura jasangarrien sustapenaren arloan eta klima-aldaketaren inguruan kontzientziatzearen arloan.

2025erako, Ekoetxea sareak ingurumen-hezkuntzarekin duen konpromisoa berretsi du, etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egiteko funtsezko tresna den aldetik. Sare-lanari eta Growth gisako metodologia berritzaileen inplementazioari esker, baliabideak optimizatzea eta hezkuntza-eskaintza indartzea lortu du.

2024ko DATUAK

  • 140.000 bisita baino gehiago zentroetan
  • 28.000 ikaslek ondo pasa dute jasangarritasunari buruz ikasten
  • 278 esperientzia eskaini dira sareko 4 zentroetan
  • 10etik 9,3 puntuko balorazioa

Comparte:
Otras :