Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, 900 kilo hondakin jaso ditugu, 63 m²-ren baliokideak

Aurten, Ingurumenaren Nazioarteko Egunak «Gure lurrak. Gure etorkizuna» lelo iradokitzailea zeukan, eta gai erabakigarrietan jarri zuen arreta, hala nola lurren zaharberritzean, lehortearekiko erresilientzian eta desertifikazioaren aurkako borrokan.

Ekoetxea Saretik gure konpromisoa berritu genuen eta tokiko komunitateari dei egin genion, gure lurzorua babestearen garrantzia azpimarratuz, baliabide berriztaezina eta bizitzarako funtsezkoa baita.

Batasunak egiten du indarra

Ekoetxea Sarean, erakunde laguntzaileekin batera, lankidetzazko garbiketa jardunaldia antolatu genuen, eta egiazko adibidea izan zen gure garaiko ingurumen arazo nagusietako bati –hondakinen kudeaketa– aurre egiteko tokiko komunitatea batu eta inplikatu daitekeela erakusteko. Ekintza horrek gure ingurune naturalak garbitzea ez ezik, gure kontsumo ohiturek gure inguruneko osasunean eta biodibertsitatean duten inpaktuaz herritarrak sentsibilizatzea ere bilatu zuen.

Komunitatearen erantzuna harrigarria izan da eta lortutako emaitzek erakusten dute guztion artean gauza handiak egin ditzakegula:

  • Ekoetxea Meatzaldea: Burdin Herria Elkartearen laguntzarekin batera garbitu ziren Trianoko Mendien goiko aldeko eremuak, Barrionuevotik gertu (Trapagaran).
  • Ekoetxea Urdaibai: Izaro Sub-ekin lankidetzan, garbiketa egin genuen itsasoak itzultzen dizkigun hondakin asko biltzen diren bi gunetan: San Kristobal paduran eta Muruetako teila fabrikan.
  • Ekoetxea Azpeitia: Landeta auzoko industrialdea garbitzeko jardunaldia Azpeitiko Udalarekin eta Urola Bizirik-ekin lankidetzan egin zen.
  • Ekoetxea Txingudi: Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun-en laguntzarekin, giza jardueraren ondorioz batez ere asteburuetan presio handia jasaten duen gune bat garbitzeko ekintzak egin ziren; hain zuzen ere, Ibarla inguruan, Arbes auzotik La Juanita pareko haur parkeraino.

Guztira, 63 m2-ko azaleraren pareko 927 kg hondakin bildu ziren, 147 pertsonaren lankidetzari eta inplikazioari esker. Zenbaki horiek, beraz, ingurutik kendutako hondakinak ez ezik, ekintza komunitarioaren boterearen eta elkarrekin inplikatzen garenean sor dezakegun eraginaren testigantza ere adierazten dute.

Konponbidearen parte izatea

Jardunaldi honen arrakastak argi erakusten digu keinu txiki bakoitzak balio duela eta edozein pertsona konponbidearen parte izan daitekeela. Ekoetxea Saretik jende guztia motibatzen jarraitu nahi dugu, kontzientzia eta ekintza bide honi jarrai diezaioten, eta ez bakarrik ekitaldi puntualetan, baizik eta baita gure eguneroko bizitzaren ezaugarri moduan ere. Ohitura jasangarriak hartzea, hondakinen sorrera murriztea eta komunitateko jardueretan parte hartzea etorkizun garbiago eta osasungarriago baterako funtsezko urratsak dira.

Meatzaldean parte hartu zuen pertsona batek hauxe esan zuen: “Hain denbora laburrean bildu genuen hondakin kopurua ikusteak ekintza txiki bakoitza zeinen garrantzitsua den konturatzeko balio izan zidan. Denok egin dezakegu zerbait gure ingurunea zaintzeko”.

Azpeitian, seme-alabekin parte hartu zuen ama batek esan zuenez: “Nire seme-alabek ingurumena zaintzearen garrantzia eta horrek duen eragina bertatik bertara ikustea nahi nuen. Esperientzia hau egiazko ikaskuntza izan da parte hartu dugunontzat“.

Ingurumenaren Nazioarteko Egun hau, zalantzarik gabe, gure ekintzek, txikiak izanda ere, etorkizun jasangarri bat eraikitzeko eragin sakona dutela gogorarazten duen oroigarri indartsua izan da.

Eskerrik asko parte hartzaile eta erakunde laguntzaile guztioi, jardunaldi zoragarri honetan parte hartzeagatik eta elkartzen garenean benetan edozertarako gai garela erakusteagatik. Jarrai dezagun aurrera, konponbidearen parte izanda.

Comparte:
Otras :